Baten faltan, bi emanaldi egin zituzten atzo arratsaldean Porrotx eta Marimototsek Eskoriatzako Manuel Muñoz Kiroldegian. Zorionak Marimotots! ikuskizuna aurkeztu zuten bertan, 2020ko azaroan estreinatu zuten Amaren Intxaurrak izenekoaren formatu egokitua. Marimototsen amaren heriotza abiapuntu hartuta, dolua lantzen duen ikuskizuna da atzo Eskoriatzan eskaini zutena, eta oholtza gainean bi pailazoak bakarrik egon ziren arren, ez ziren ohiko kantuak eta bestelakoak falta izan batu zirenen gozamenerako.
Beste herri batzuetan egin bezala, opariarekin etorri ziren Eskoriatzara Porrotx eta Marimotots; hala, gereziondo bat eman zieten Tortolis ludotekakoei. Datorren asteko domekan, otsailaren 6an landatuko dute gereziondoa frontoiaren inguruan. Aurretik, astean zehar, doluaren inguruko lanketa egingo dute ludotekan bertan.