Abenduaren 27an eta 28an, junior mailako emakumezkoen Euskadiko txapelketa jokatu zen Balmasedan, Nafarroaren, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean. Gipuzkoako selekzioaren staff-ean, Zuhaitz Gonzalez Eskoriatza Kirol Elkarteko saski-baloiko kirol zuzendaria izan da, entrenatzaile laguntzaile, eta berarekin batera Ane Ayastuy Saski Goiena Hemen Garbiketak taldeko jokalaria. Txapelketa irabazita, Euskadiko txapeldun dira.
Finalaurrekoan erabakita
"Sei entrenamenduko prestaketa egin genuen, Euskadiko txapelketarako aukeratutako Gipuzkoako hamabi jokalarirekin. Finalaurrekoan, Bizkaiaren aurka jokatzea tokatu zitzaigun. Talde sendoena zen eurena, beraiek ziren faboritoak, baina lan txukunak ordainsaria du. 66-68 irabazi genien, markagailuan eurak aurretik jarri eta guk partiduari buelta eman ondoren. Gero, hurrengo egunean, finala Arabaren aurka jokatu genuen, eta hamar puntuko aldearekin (73-63) irabazi genuen", adierazi du Zuhaitz Gonzalezek, Eskoriatzako saskibaloi saileko zuzendariak, eta, kasu honetan, Gipuzkoako junior mailako staff-eko kideak.
Ane Ayastuyren lan bikaina
Saski Goiena Hemen Garbiketak taldeko Ane Ayastuy aretxabaletarra ere Gipuzkoako taldean aritu zen Gonzalezekin batera, eta lan bikaina egin zuela nabarmendu du: "Bagenekien Anek lan bikaina egingo zuela. Parti-duetan beti laguntzen duen jokalaria da, eta, batez ere, finalaurrekoan, emaitzari buelta ematen hasi ginen momentuan minutu bikainak izan zituen".
Senior taldea txukun
Euskadiko txapelketako lorpena albo batera utziz, Arrasateko Ointxe!-k eta Eskoriatza Kirol Elkarteak sortutako Saski Goiena Hemen Garbiketak taldearen gidaritzarekin oso gustura ari dela azpimarratu du Zuhaitz Gonzalezek. "Sailkapenean laugarren postuan gaude, eta, urtea amaitu genuen modu berean, maila bera ematen jarraitu nahi dugu. Talde oso gaztea da, baina oso ondo jokatzen ari dira. Urratsak egitea da helburua, poliki-poliki...".