Udaletxean arreta zerbitzua hobetzeko helburuarekin egin diren obrak bukatuta daude, eta, ondorioz, zerbitzu ororen herritarrentzako arreta udaletxean eskaintzen ari dira abenduaren 23a ezkero.
Udaletxeko beheko solairua erabat berritu dute, Udaltzaingoaren bulegoa handitu eta sarreran kokatu, udaletxera sartu eta ezkerraldean, eta eraikinera sartu eta pare-parean, berriz, herritarren arretarako zerbitzuak jarri dituzte, besteak beste. Bertan egin ahal izango dituzte herritarrek Udalarekin egin beharreko tramite guztiak, leihatila bakarraren kontzeptuan lan egingo duena. Zerbitzu honen ohiko ordutegia honako hau izango da: 08:00etatik 14:30era.
Udal langileekin garatuta
Egitura-aldaketa garrantzitsuenetako bat lehen solairuko lan-eremua handitzea izan da, sarrerako sabaiaren altuera jaitsi egin baitute. Eremu berri horretan administrariak egongo dira. Argiztapen-sistema hobetu egin dute, eta eraikinak zituen egiturazko zenbait arazo konpondu dituzte, hala nola gizarte-arretako zerbitzu eremuari beste leiho bat eman zaio. Birmoldaketaren helburu nagusia eraikinaren sarreran eta zenbait lan-eremutan aldaketak egitea izan da, udal langileekin batera garatu den metodologia berriaren arabera.
'H@azi' proiektua
Udaletxea eraberritzeko proiektu hau H@zi izenez ezagutzen da; herritarrei arreta zerbitzu integrala emateko proiektuaren azken fasea da. Ekimen honen jatorria herritarren beharrei arreta eraginkorragoa eta kalitatezkoagoa emateko borondatean datza, bai informazioa emateko orduan, bai izapideak egiteko orduan. Funtsean, herritarrek Udalarekin harremanak izateko eta tramiteak egiteko prozesua erraztu nahi izan da, eta, horretarako, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak bateratu nahi izan dira. Hori horrela, udaletxera momenturen batean joan ezin direnentzat eta mugitu ezin diren pertsona guztientzat, tramiteak online egiteko aukera ere egongo da, udal webgunearen bidez.
Kultura eta euskara ere bertan
Euskara, kultura eta jaien saileko udal-langileak kultura etxeko eraikinean izan dira orain arte, baina orain, bertako zerbitzuak udaletxera lekualdatu dituzte. Ibarraundi museoko zerbitzuak, berriz, dauden lekuan geratuko dira, bibliotekako zerbitzua eta kiroldegikoa bezala.