Urtean jaio diren haur beste zuhaitz landatzen dira urtero Eskoriatzako Zuhaitz Egunean. Egitasmo horrekin, zuhaitzek bizitzan duten garrantzia adierazi nahi da, eta jaiotza bat, zuhaitz bat ideiari jarraituz, egitasmo polit eta gustuko bihurtu da urteen poderioz parte-hartzaileentzat.
Iaz, 21 haur jaio ziren Eskoriatzan, eta Eskoriatzako Udalak familia horiei guztiei jakinaraziko die laster Zuhaitz Eguna egingo dela urtarrilaren 23an –domeka–, eta ekintzara animatzeko gonbita egingo die. Hitzordua 12:00etarako ezarri dute, Ibarraundi museoan, eta bertatik abiatuta herriko txoko bat aukeratuko dute zuhaitz landaketa egiteko. Saioa Altzua Ibarraundi museoko langilea arituko da, urtero moduan, landa-keta egingo duten gurasoei argibideak ematen, laguntzen eta zalantzak argitzen.
Zuhaitz mota, aukeratzeke
"Laster jakinaraziko diegu iaz haurra izan zuten gurasoei Zuhaitz Eguna egingo dugula, eta zuhaitz landaketara animatzeko eskatuko diegu. Pandemiak eraginda, iaz, familia osoa beharrean, familiako kide bat edo beste soilik joateko dei egin genuen, eta aurten ere modu berean egingo dugu, pilaketak saihesteko helburuarekin. Horrekin batera, ez dugu zehaztu zein zuhaitz mota landatuko dugun; izan ere, landatze eremuaren araberakoa izango da hori. Baliteke haur bat, zuhaitz bat barik, zenbaiten artean landare bakarra landatzea... Hala ere, jakinaraziko dugu hori zuhaitz landaketa egunean", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.