Segurtasun Sailak Goienari jakinarazi dionez, goizeko 6:30ak aurretik jaso dute Ertzaintzan abisua: Eskoriatzako Olazar auzoan, Zorautz baserriaren eta bertatik igarotzen den bidegorriaren aurrean, sua zegoen. Agenteak gerturatu direnerako bi edukiontzi eta alboan aparkatuta zegoen kotxea ziren sutan.
Suhiltzaileek itzali dituzte garrak, eta kiskali den ibilgailuaren ondoan zegoen bigarren autoa ez erretzea lortu dute; hala ere, kalteak izan ditu bigarren honek ere. Edukiontzi eta ibilgailuetatik harago, baina, ez da kalte pertsonalik izan. Gertatutakoa ikertzen ari dira agenteak uneotan.
