'Zero kilometro artisau azoka': bertakoari balioa

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 17a, 10:35

Jose Angel Petralanda, zurezko erlojuak egiten.

Eskoriatzako bederatzi artisauren lanak izango dira ikusgai asteburuan Ibarraundi museoan. Horrekin batera, Maite Carrillo artistaren pintura erakusketa inauguratuko da bihar, 13:00etan, eta abenduaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Bertako artisauen produktuen aldeko apustua eginda, zapatu eta domeka honetarako Zero kilometro artisau azoka antolatu du Eskoriatzako Udalak. Ibarraundi museoan izango dira herriko artisauak, eta produktu bereziak eta eskuz egindakoak jarriko dituzte salgai eta erakusgai; hala nola zurezko erlojuak, bastoiak, poltsak eta koleteroak, larruzko gauzak, xaboiak, xanpuak, ukenduak, kuartzozko olioak, kortseak, zeramika, bisuteria eta askoz gehiago. Bihar, zapatua, eta etzi, domeka, honako ordutegi honetan izango da azoka irekita: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00eta-tik 20:00etara.

Herriko bederatzi artisau

Ana Jara, Juan Jurado, Lourdes Martinez, Kristina Cardenal, Oscar Garcia, Jose Angel Petralanda, Patricia Ruiz, Maitane Axpe eta Buztinate buztingintza eta zeramika taldeko artisauek eman dute izena bertan egoteko, eta, beraien produktuak herritarrek ikusteaz batera, erosi eta nola egiten dituzten galdetzeko aukera izango dute. Jose Angel Petralanda Petrus gogoz dago azokarako. Konfinamenduan hasi zen zurezko erlojuak egiten, eta zaletasunarekin jarraitzen du. Bere lanek harrera ona jaso dutela dio, eta gaineratu du ekintza aberasgarria izango dela asteburukoa: "Zurezko hogei erloju inguru eramango ditut Ibarraundi museora. Zerbait saldu ahal badugu, bikain; hala ere, nire asmoa egiten dudana jendeari erakustea da, eta espero dut gustukoa izatea".

Buztinatekoen lanari balioa

Buztinate buztingintza eta zeramikako kideak ere Zero kilometro artisau azokan izango dira. Aurten kide berriak egin dituzte, eta beraien lanak jendaurrean jartzeko aprobetxatuko dute hitzordua. Elkarteko zenbait kide izango dira ordezkari gisa bertan, eta Buztinateko saioetara jende berria erakartzeko asmoz ere izango dira Ibarraundin.

Pintura erakusketa

Artisau azokaz gain, zapatuan, 13:00etan, Maite Carrilloren pintura erakusketa inauguratuko dute Ibarraundin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak