Josu Galvez: "Txakurrak bultzatu ninduen txakur krosera"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 10a, 15:30

Josu Galvez eskoriatzarra txakurrarekin lasterketa batean. Argazkia Leire Zearreta

Aurten hasi da Josu Galvez eskoriatzarra txakur kros modalitatean lehiatzen, eta, Espainiako kopa hasi berri, geratzen zaizkion bost lasterketetan parte hartzeko asmoa du.

Josu Galvez eskoriatzarrak urteak daramatza mendi-lasterketetan lehiatzen, baita asfalto gaineko zenbait proba egiten ere, baina aurten modalitate berri bati ekin dio: txakur krosari. Gaztea da oraindik, baina ibilbide oparoa du aurretik, kontuan hartuta Eskoriatzako Silbestradie proba –herrikoia bada ere– irabazi zuela 2016an. Gabez Takarraran proban ere gazteen mailan aritu ostean, podiumera ere igo izan da helduen proban... Hala, etapa berri bati hasiera eman dio, Sila txakurra bidelagun duela, eta, ikasteko urtea izango dela dioen arren, emaitzak paregabeak izaten ari dira.

Txakur krosean hasi berri zara; zer dela eta?

Txakur bat nahi nuen, mendian aritzeko. Hau da, korrika egitera irteten nintzenean edo paseo bat eman behar nuenean konpainia izateko. Kontua da duela bi urte Itoitz Armendariz eskoriatzarrak –munduko mushing txapelduna– txakurkumeak zituela, eta bat hartu nion. Alaskano txakur mota da, txakur kroserako eta halako kiroletarako aproposa: txakur langilea, kirol honetarako beharrezkoak diren ezaugarri espezifikoak dituena... Hala, esan dezakegu txakurrak eraman ninduela txakur krosean aritzera.

Hala ere, emaitza paregabeak izaten ari zara, ezta?

Gasteizen, Armentian, egin nuen nire lehenengo proba. Euskal Herriko txapelketako lasterketa bat izan zen, eta irabaztea lortu nuen. Ondoren, Guadalajaran egin nuen beste lasterketa bat, azaroan, eta hurrengo egunean, segidan, Teruelen beste proba bat. Bi haietan ere garaipena lortu nuen. Gero, Lleidara joan nintzen, maila handiagokoa zen lasterketa bat egitera, Espainiako Kopako txapelketarako puntuagarria zena. Kasu horretan, sailkapenean bosgarren postuan geratu nintzen. Aurreko asteburuan, berriz, Sorian izan naiz, Olvega herrian. Espainiako Txapelketako lasterketa izan da egindakoa, eta zortzigarren postuan amaitu dut. Ikusita nolako maila izan zen, nahikoa egin nuela esango nuke.

Nola entrenatzen zara?

Landako bidegorrian, Uribarri Ganboan, Bidebarrietan eta Asentzio inguruan aritzen naiz entrenatzen, batez ere. Astean zehar, txakurra solte eramanda entrenatzen naiz pixka bat, eta gero, lotuta dudala, astean hiru bider irteten naiz eta bost eta zortzi kilometro artean egiten ditut. Zenbait kasutan, bizikletan ere joaten naiz Uribarri Ganboako urtegira. Lurzorua laua da, eta, txakurra alboan, gustura entrenatzen da.

Txakur mota espezifikoa izatea beharrezkoa da?

Edozein txakurrekin lehiatu zaitezke. Bada jendea artzain txakurrarekin, esaterako, lehiatzen dena, baina lasterketa federatuetan halakoak ikustea ez da ohikoa. Halakoak gehiago ikusten dira herri lasterketetan.

Babesa ere ezinbestekoa, ezta?

Eskoriatzako Altuna harategiko Javi eta orain gurekin ez dagoen Juan Carlosek txakurrarendako jana ematen didate, eta beraien laguntza ikaragarria da. Lasterketaren bat egin eta argazkiren bat edo beste jasotzen badut, sare sozialetan beti egiten diet aipamena, baina lasterketetan ere jarri nahiko nuke beraien babesletza.

Zein erronka dituzu aurrera begira?

Aurten federatu berri naiz, Bergarako Pol-pol taldearekin, eta ikastea da denboraldi honetako helburu nagusia. Espainiako txapelketako eta Espainiako Kopako lasterketak egin nahi ditut. Lau edo bost lasterketa geratzen zaizkit, eta puntuatzeko hiru edo lau lasterketa egitea ezinbestekoa da. Hori horrela, hurrengo lasterketa urtarrilean egingo dut, eta gero gerokoak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak