Elkarrizketarik gabeko lana proiektatu ostean, ikus-entzunezkoaren nondik norakoak ere azalduko dituzte egileek, Zaldibar antzokian: "Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan duen Gazteak Auzolanean programari esker, film labur honen bira hasiko dugu eta lehenengo emanaldia Eskoriatzan izango da. Proiektua elkarrizketarik gabekoa da, irudiekin bakarrik adierazten da kontakizuna, eta gaur egun bizi dugun egunerokotasun monotonoari kritika egitea izan da proiektuaren helburua. Ikusleek honen inguruko hausnarketa egiteko gonbita da. Film laburra emateaz gain, prozesuaren inguruko azalpenak emango ditugu beste bideo labur bat erakutsiz", adierazi du Julen Leturiondok, Hurrengo geltokia film laburraren taldeko kideak.
Bost egunetan grabatuta
Iaz, bost egunetan zehar egin ziren grabaketa guztiak. Lan-taldeko kideen esanetan, graba-keta egunak oso luzeak eta neketsuak izan ziren, baina talde lanaren emaitzarekin gustura geratu dira. Naia Aizpurua, Uxue Morales, Angello Eloizaga, Ander Zelaia, Natalia Arteche, eta Julen Leturiondo dira Hurrengo geltokia film laburreko lantaldeko kideak, eta Jon Ander Urresti eta Garazi Beloki dira ikus-entzunezko horretako protagonista nagusiak.