'Energia-bonua', beharra duten familientzat

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 2a, 12:08

Eskoriatzako udalbatzako kideak azaroko ohiko osoko bilkuran.

Hilaren 23an egindako azaroko ohiko osoko bilkuran, dirulaguntza deialdia onartu zuen Eskoriatzako udalbatzak, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonen eta familien energia-gastua finantzatzeko 2021eko eta 2022ko neguko hilabeteetan.

Elektrizitatea, gasa edo bestelako erregaien hornidurari dagozkion fakturak ordaintzeko erabili beharko dira Eskoriatzako Udalak jendaurrean jarri dituen laguntzak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, beraz, kontsumo horiei dagozkienak izango dira, bai eta komunitate-gastuak ere, horiek berokuntza barne hartzen dutenean, 2021eko abenduaren 1etik 2022ko apirilaren 31ra bitartean.

30.000 euroko laguntza

Laguntzaren zenbatekoa gastu energetikoaren zenbateko justifikatua izango da, diruz lagundu daitekeen aldian. Guztira, Udalak 30.000 euro bideratuko ditu programa horretara, eta kopuru hori handitu egin ahal izango da, beharrezkoa izanez gero. Laguntzaren zenbatekoa 30 eurokoa izango da hilean familia-unitate bakoitzerako; 150 eurokoa, gehienez ere; eta, nolanahi ere, ezingo da izan onuradunak benetan ordaindutako dirulaguntzaren xede diren gastuen zenbatekoa baino handiagoa.

Bete beharreko baldintzak

Deialdi horretara bildu ahal izango dira, besteak beste, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak: azken sei hilabeteetan Eskoriatzan etengabe erroldatuta egotea, diruz lagundu daitezkeen gastu horietan parte hartu izana eta energia-gas-tuari aurre egiteko diru-sarrera edo baliabide nahikorik ez izatea. Eskatzaileek gastu horiei aurre egiteko baliabide nahikorik ez dutela ulertuko da familia-unitatearen urteko diru-sarrera osoak 15.682,68 eurotik beherakoak direnean kide bakarreko familientzat, 19.603,44 eurotik beherakoak bi kideko familientzat eta 21.171,78 eurotik beherakoak hiru kide edo gehiagoko familientzat.

Programa honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bera duten edo kontzeptu berberak diruz laguntzen dituzten erakunde publiko edo pribatuetatik datozen beste laguntza batzuekin; betiere, gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Muga hori gaindituz gero, programa honen bidez eman beharreko dirulaguntzari gaindikina kenduko zaio. Gainerako baldintzak Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 1ean hasi eta hilaren 15ean amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak