Uso-pase eskasa, baina birigarroekin konforme

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 26a, 17:34
Alabitako linean, Idiazabalen, Makatz-gain alboan, ehiztaria usoen zain.

Aldaype Ehiza eta arrantza Elkarteko uso-postuen zozketak joan den astean amaitu zituzten. aurtengo ehiza-denboraldiaren balorazioa egin dute elkartekideek, eta urtarrilera begira batzar orokorreko deialdia egingo dutela jakinarazi dute.

Joan den domekan, azaroaren 21ean, izan zuten lursail jabetzarik ez duten herritarrek, zozketa bidez, Aldaype,Ehiza eta Arrantza Elkartearen bidez ehizatzeko postua erabiltzeko azken eguna. Orain, ehiza soltean egiteko aukera izango da; hau da, postuan derrigorrez egon barik, oinez eskopetarekin basoan aritzeko aukera. Ehiza-denboraldia kaskarra izan dela adierazi dute Aldaypeko ehiztariek. Hala ere, usoak oraindik pasako diren esperantzarekin daude ehiztariak, eta zenbaitek aprobetxatuko dutela ehizatzeko adierazi dute Aldaype elkartetik.

Zozketa, egun bakarrean

Pandemiaren ondorioz, egunero barik, eguaztenak izan dira postu-banaketa zozketa egunak, eta, bertaratu diren ehiztariek begi onez ikusi dutela horrela egitea adierazi du Aldaype elkarteko Gerardo Canterak. "Joan den eguaztenean egin genuen denboraldi honetako azken zozketa, eta herriko ehiztariak zapore gazi-gozoaz geratu dira. Izan ere, uso-pasea eskasa izan da aurtengoa. Hala ere, birigarroak pasa dira, eta horrekin konformatu behar izan dugu ehiztariok. Lehen, egunero egiten genituen postu banaketak, eta, sarritan, zenbaitek ezin zuten Aldaypeko lokalera bertaratu. Orain, berriz, eguaztenetan, aste osorako postu banaketak egin ditugu, eta, bi ordu eta erdian banaketa eginda, egunero etorri behar ez izatea positiboa izan da guztiontzat", gaineratu du Canterak.

Orain, ehiza modu soltean egiteko aukerarekin, ordutegian ere aldaketak daudela gogorarazi nahi izan du Canterak: "Lehen, eguzkia irten baino ordubete lehenago hasi zintezkeen ehizatzen, eta eguzkia gorde baino ordubete lehenago amaitu behar zenuen. Orain, berriz, 07:30etik 17:30era bitartean ehizatu beharko da".

Batzar orokorra urtarrilean

Aldaype elkarteko juntan kide berak ari dira azken urteotan, eta aldatzeko beharra ikusten dute gaur egungoek. Hala ere, ordezko boluntarioak topatzea ez dela samurra azpimarratu du Canterak: "Aldaypeko juntan egoteko ordezkari faltan gaude; betiko arazoa da. 202 bazkide gara, guztira, eta junta zazpi kidek osatzen dugu. Hala, asmoa da elkartea osatzen dugun bazkideon bi herenak batzea, eta estatutuak aldatzea. Ez dago erabakita, baina zerrendaren arabera juntako kideak aukeratzea izan daiteke irtenbide bat... Urtarrilean egingo dugu batzarra, eta data zehaztuko dugu Gabonetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak