Irri, kantu eta dantza pandemiara egokitutako formatu txikiko ikuskizuna zen egitekoa bihar, egubakoitza, Zaldibar antzokian. Berrikuntzak izango ditu ikuskizunak; izan ere, Manuel Muñoz kiroldegian beharrean Zaldibar antzokian izango da ikuskizuna eta saio bakarra izan beharrean bi eskainiko dituzte Katxiporretakoek. Bata 17:30ean eta bestea 19:00etan. Hala ere, pandemiak eragindako ezusteko bategatik, bertan behera utzi dituzte bi saioak, eta urtarrilaren 28ra atzeratu dute.
Sarrerakin zer egin
Iaz, Katxiporretako pailazoen formatu handia antolatu zuen Eskoriatzako Udalak, beti bezala, Manuel Muñoz kiroldegian. Hala ere, sarrera gutxi saldu zituzten, pandemia puri-purian zegoelako, eta bertan behera uztea erabaki zuten. Hori horrela, ikuskizun berri batekin etorriko dira oraingoan. "Katxiporretakoek egoerara egokitu dute beraien ikuskizuna, eta formatu txikian bi saio eskainiko dituzte, Zaldibar antzokian. Guztira, 260 sarrera saldu ditugu, eta egubakoitzean, egitekoak ziren saioetarako sarrerak dituztenek bi aukera izango dituzte: sarrera gordetzea eta urtarrilaren 28an erabiltzea, edo dirua berreskuratzea. Hala nahi dutenek telefono zenbakira honetara deitu edo Whatsapp mezu bat idatzi beharko dute: 636 78 59 71 zenbakira", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.
'Zorionak Marimotos'
Zorionak Marimotots! ikuskizunean, Porrotx eta Marimotots arituko dira soilik, Pirritx barik. Porrotx Marimototsekin elkar-tuko da parke magikoan. Amatxo Loreto duela 3 urte hil zen. Intxaurrondoa landatu zuten amatxoren oroimenez, bere agurrean. Dolua igarota, ipuin kontari, kantari, dantzan eta jolasean ariko dira. Pozik daude amatxo Loretorekin akordatzen diren aldiro irria ateratzen zaielako ezpainetan, intxaur zaporeko irria.