Eskoriatza bizirik ekimenarekin jarraituz, azaroaren 22tik aurrera tokiko kontsumoa sustatzeko bonuak salgai jarriko dira berriro. Oraingoa aurtengo bonuen hirugarren fasea izango da, 2021eko azkena, eta abenduaren 31ra arte iraungo du. "Orain arte ondo funtzionatu du kanpainak, aurreko faseetan berehala gastatu dira bonuak, eta azken fase honetarako 700 bonu atera ditugu, horiak guztiak", adierazi du Saioa Altzuak, Eskoriatzako Ibarraundi museoko langileak.
Aurreko bonuen iraungitzea
Aurreko kanpainako bonu laranjak azaroaren 30ean iraungiko dira. Hala, Eskoriatzako Udalak jakinarazi du oraindik ez direla saldutako guztiak erabili, eta gastatu gabeko bonuak dauzkaten herritarrek azaroaren 30etik aurrera ezin izango dituztela erabili eta dendetan data horretatik aurrera ez dituztela jasoko. Ostalaritzako bonuei dagokienez, berriz, abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Azken fase honetan 700 bonu jarriko dituzte salgai, Ibarraundi museoan
Erabiltzeko modua
Eskoriatza bizirik kanpainako bonuak erabiltzeko modua orain arte bezalakoa izango da. Hau da, oinarrizko baldintzak betetzen dituen eskoriatzar bakoitzak hamabost euroko balioa duen Eskoriatza bizirik bonu bat erosi ahal izango du. Hamabost euroko bonuek hogeita hamar euroko gastu-balioa dute eta bonu horiek bost euroko, hamar euroko eta hamabost euroko frakzioetan banatuta daude; erosketa bakoitzean frakzio oso bat erabili beharko da, gutxienez.
Ezinbesteko baldintzak
Bonuak erosi ahal izateko, ezinbestekoa da interesdunak bi baldintza betetzea: Eskoriatzan erroldatuta egotea eta adinez nagusia izatea. Bonuak Ibarraundi museoan jarriko dira salgai, azaroaren 22tik aurrera, bukatu arte, egunero, honako ordutegi honetan: goizez 11:00etatik 13:30ak bitartean eta arratsaldez 17:00eta-tik 19:30era bitartean. Horrekin batera, Eskoriatzako Udalak gogorarazi du edozein arrazoi dela medio bonua erostera bertaratu ezin den herritarrak hirugarren bati eskatu diezaiokeela hura erosteko, bere nortasun agiri zenbakia emanda, baina pertsona bakoitzak gehienez ere bi bonu erosi ahal izango ditu, orain arte ez bezala. Ordainketa, berriz, kreditu-txartelarekin edo eskuko telefonoarekin egin beharko da, nahitaez. Edozein zalantza argitu nahi duenak 943 71 54 53 telefono zenbakira deitu dezake, eta museoan bertan galdetu.