8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako eskupilota sailak gorakada izan du aurten; izan ere, haur dezente ari dira entrenatzen Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta bidelagun gisa ari dira Iosu eta Asier Urzelai anaiak eta Mikel Ezeiza eskoriatzarra entrenatzailea.
Hiru mailatan banatuta, benjaminak, infantilak eta alebinak ari dira Joseba Iñurrategi pilotalekuko entrenamendu saioetan, eta kirol hau herrian indartzeko asmotan ari direnek gorakada hau aprobetxatu nahi dute: "Guztira, hogei neska-mutiko inguru arituko dira hiru kategoriatan. Gero, 8 urtetik beherakoei ez digu entrenatzen uzten Federazioak; beraz, frontoi zati bat utzi, eta zortzi haur inguru aritzen dira beraien kontura eskupilotan jokatzen", adierazi du Iosu Urzelaik, Eskoriatzako pilota saileko entrenatzaileak.
Saiakera egin zuten duela urte gutxi, Pilota berpiztuz izenpean, Asier de la Florrek, Txomin Illarramendik eta Asier Urzelaik Eskoriatzako pilota saila indartzeko, eta gaur egun lan horrek bere fruituak eman dituela dio Urzelaik: "Serio hasi ginen, entrenamenduak ezarri genituen, neska-mutikoak ere animatu genituen, eta frontoia haurrez beteta ikustea ederra da. Gainera, nire anaia, Asier, El conquistador del fin del mundo saioan aritu zen, eta horrek ere eragin du zenbait haur frontoira hurbiltzea".
Txapelketetarako gertu
Eskuak ez mintzeko takoekin ari dira entrenatzen dagoeneko zenbait haur, eta txapelketetarako gogoz daudela dio Urzelaik: "Hasiberriak diren benjaminek ez dituzte partiduak hasi orain-dik, baina baditugu lau pilotari partiduetan arituko direnak. Infantiletan, sei lagun ari partiduetarako prestatzen, eta, hasiera batean, Aretxabaletan jokatuko dituzte partiduak, alboko herriko pilotarien aurka"