Bide berriak irekitzen eta helburuak betetzen

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 29a, 16:39

Zuhaitz Gonzalez Baskoniaren junior mailako emakumezkoen taldearekin, partidu batean.

Zuhaitz Gonzalez, Eskoriatzako saskibaloi saileko kirol zuzendaria, Baskoniaren junior mailako emakumezkoen taldeko entrenatzailea izango da. Hala ere, Ointxe! Arrasatek eta Eskoriatzak elkarlanean sortutako taldearen gidari izaten segituko du.

"Eskoriatza Kirol Elkartean harro gaude gure klubean egiten duzun lanaz; batez ere, saskibaloi sailean. Ahalegin bakoitzak bere saria dauka". Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek hitz horiek sare sozialetan zabalduta jakinarazi dute Zuhaitz Gonzalez Eskoriatzako saskibaloi saileko kirol zuzendaria Gasteizko Baskoniaren junior mailako emakumezkoen taldeko entrenatzailea izango dela denboraldi honetan.

Komunikatua orain irten den arren, uztaila ezkero da Gasteizko taldeko entrenatzaile

Gazte-gaztetatik jokalari moduan urte askoan aritu da Zuhaitz Gonzalez zenbait taldetan, eta entrenatzaile ere ibilbide luzea du. Hain zuzen ere, geroz eta ardura gehiago hartzen ari da azkenaldian, batez ere, Eskoriatza Kirol Elkarteko saskibaloi sailean, baina, Eskoriatzara mugatu barik, ikasteko gogoz dago, proiektu berrietan aritzeko interesarekin, eta beste zenbait ate ere ireki zaizkio parez pare.

Arduraz, baina ikasteko gogoz

"Egia esan, orain jakinarazi dugu Baskoniaren junior mailako emakumezkoen taldearekin arituko naizela, baina, egia esan, abuztu aurretik hasi nintzen entrenatzen. Sorpresaz jaso nuen egin zidaten eskaera, eta, Baskoniaren talde baten entrenatzaile gisa aritzea ardura handia den arren, oso pozik nago. Nire helburu nagusia hazten joatea da, ikastea, disfrutatzea, eta, hori ardatz, minutu guztiak aprobetxatu nahi ditut. Hilabete daramagu txapelketan, eta taldea sendoa da. Konfiantza izatea ezinbestekoa da, jokalariengan sinistu behar da, eta beraiek ere sinistu behar dute. Hala irteten dira ondo gauzak. Honekin batera, beste hainbat proiektu ere baditut esku artean, baina pausoz pauso joan nahi dut, eta laster etorriko dira albiste berriak...", adierazi du Zuhaitz Gonzalezek, Eskoriatzako saskibaloi saileko kirol zuzendariak eta, orain, Baskoniaren junior mailako emakumezkoen taldeko entrenatzaileak.

Zuhaitz Gonzalez aginduak ematen, Goiena Saski Hemen Garbiketak taldearen eta Luberriren arteko partiduan.

Eraikitakoa baztertu gabe

Baskoniaren taldearekin arituko den arren 2021/2022 denboraldian, ez du utziko Eskoriatza Kirol Elkarteko saskibaloi saileko kirol zuzendari kargua, eta ezta ere Goiena Saski Hemen Garbiketak taldearen gidaritza. Ointxe! Arrasatek eta Eskoriatzak elkarlanean sortu berri duten taldea urratsak egiten ari da denboraldi hasieran. Izan ere, orain arteko partidu guztiak irabazi dituzte, eta asteburu honetan, laugarren jardunaldiko garaipenaren bila joango dira Irunera, Erroibide Urbycolan taldearen aurkakora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak