Aititak eta amamak hasitako bideari jarraipena eman zioten Itziarren gurasoek, eta egun, berak eta senarrak kudeatzen dute Marulanda auzoan dagoen Maulanda jatetxea. Janari tradizionala eskainita, "denetik" duten plater konbinatuak emateagatik dira famatuak.
Familiatik datorkizu negozio hau, baina zergatik duzu gustuko?
Bai, ni hemen jaio nintzen, eta betidanik ezagutu dut negozioa. Jendearekin egotea da nik gehien baloratzen dudana. Egia da gustatu egin behar zaizula jende askorekin tratua izatea, eta askotan denak ez direla atseginak izaten.
Hala ere, ostalaritzan lan egitea sakrifikatua da...
Ordutegiak dira okerrena; askotan, faltan igartzen duzu seme-alabekin egoteko denbora.
Hala ere, beraiek ohitu egiten dira, eta badakite hau tokatzen dela. Gazteagoak zirenean, as-
kotan galdetzen zuten: "Gaur norekin goaz etxera?".
Eskoriatza eta Gatzaga arteko errepidean egonda, nondik datoz zuen bezeroak?
Gatzagarrak eta eskoriatzarrak bai, baina asko etortzen zaizkigu bergararrak, oñatiarrak eta arrasatearrak. Pandemia garaian, itxiera perimetralekin, hor igarri dugu gehiago herrikoen presentzia.
Zuenaz gain, bailarako beste jatetxeren bat gomendatu beharko bazenu... Zein?
Leku oso on asko ditugu hemen gertuan. Eskoriatzan Txalaparta, adibidez; eta Gatzagako Gure Ametsa aipatuko nuke.
Etxean jaten duzuenean, jatetxean bezalako menua edo zerbait prestatzeko azkarra...
Orain arte, domeketan bakarrik genuen etxean afaltzeko aukera, eta hemendik igotzen genuen.
Orain, astelehena eta asteartea itxita izaten dugu, deskantsurako, eta gainerako jatetxeetara
joan eta bertako menua probatzea gustatzen zaigu.
Maulandara etortzen denak zer jan behar du bai ala bai?
Ba, txorizoa, buztana eta bakailaoa. Eta postrerako, gazta-tarta, zalantza barik.
Igarriko zenuten autobidea egin zutenetik trafikoa murriztu egin dela...
Bai, baina, egia esanda, bezeroengan ez du horrenbesteko eraginik izan. Hala ere, etorri
gura duenak autoa hartu eta etorri egiten da. Baina ez pentsa, askotan, autobidetik irteten dira
hemen jateko; Lisboatik etorri zitzaigun behin familia bat, Parisera bidean, eta jateko leku
baten bila hasi eta hona bidali zituen GPSak. Eskoriatzan irten, gurera etorri, afaldu eta bideari berrekin zioten.