'Hiru (h)arri', 1961ari erreferentzia eginez

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 22a, 08:42
Beñat Arrieta, Goio Arrieta eta Gari Barandiaran.

Beñat Arrietak, Gari Barandiaranek eta Goio Arrietak proiektu bat jarri dute martxan, Hiru (h)arri. Estreinaldia izango dute gaur, Zaldibar antzokian, 19:00etan, eta kontzertuko kantu guztiak bertsioak izango dira, askotariko estiloetakoak.

Uztailetik hona bitarteko geldiunearen ostean, bueltan izango dira Eskoriatzako Ostiral Musikatuak. Hala, gaur, egubakoitza, 19:00etan, Hiru (h)arri taldearen emanaldia izango da Zaldibar antzokian, egitasmoaren berrartze pauso moduan. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, eta proposamen apartarekin igoko dira oholtza gainera Arrieta-Barandiaran familiako hiru kide, onena eman eta espektakulua eskaintzeko prest.

1961eko efemerideak ardatz

Beñat Arrietak, Gari Barandiaranek eta Goio Arrietak osatzen dute taldea, eta proiektu berriaren estreinaldia izango da gaurkoa. Bertsioak izango dira eskainiko dituzten kantu guztiak, artista ezberdinenak, eta askotariko estiloetakoak. "Gatributu taldea izan zen gure lehen urratsa; Gatibu taldearen bertsioak eskaintzen aritu ginen, eta proiektu hori alde batera utzi eta horri jarraipena emateko osatu dugu beste talde berri hau: Hiru (h)arri. Gari, nire lehengusua, eta biok gitarra eta baxuarekin arituko gara, instrumentuak aldatzen, edo bi gitarratara arituko gara beste hainbatetan, kantuaren arabera, eta nire osabak, Goiok, berriz, abestu egingo du. Publikoaren aurrean eskainiko dugun lehenengo emanaldia izango da, nahiz eta familiako zenbaiten aurrean egin dugun entsegu bat. Kontzertuaren gainean ez dugu askorik aurreratu nahi. Soilik esan dezaket 1961. urteari erreferentzia egingo dizkiotela joko ditugun kantu guztiek, modu batera edo bestera…", adierazi du Beñat Arrieta musikariak.

Azaroan, Aretxabaletan

Kontzerturako sarrerak Manuel Muñoz kiroldegian erosi beharko dira, bost eurotan, aldez aurretik, eta herritarrak animatu dituzte bertaratzera. Horrekin batera, aurreratu dutenez, ez da emanaldi bakarra izango gaurkoa; izan ere, azaroko lehenengo asteburuan Aretxabaletan emango dute kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak