Batuta eskuan, zuzendari Parisko Garnier jauregian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 1a, 10:28
Iñaki Encina Oyon batutarekin.

Zuzendari moduan bihar, zapatua, izango du debuta Iñaki Encina Oyon eskoriatzarrak, Garnier jauregian. Christoph Willibald Gluck konpositorearen Iphigénie en Tauride opera zuzenduko du Orchestre et Choeurs osatzen duten musikariekin.

Zuzendari laguntzaile urte luzez lan egin eta gero, Parisko Opera Nazionalean egingo du debuta zapatu honetan Iñaki Encina Oyonek. Eskoriatzan jaio, Gasteizen hazi eta Frantziako hiriburuan gauzatu duen musika ibilbide luzeko artistak jauzi itzela emango du oraingo honetan, Garnier jauregi prestigiosoan arituko baita, denboraldi ofizialeko programazioan, zuzendari titular.

"26 urterekin piano-jole laguntzaile iritsi ostean, orkestrako zuzendari titular aritu izan naiz beste hainbat antzokitan. Kontua da Parisko Opera Nazionalean zuzendari titular debutatuko dudala zapatu honetan, Gluck-en Iphigénie en Tauride obrarekin, Garnier jauregian, eta abenduaren 26an eta 28an izango ditut hurrengo saioak, Bastillan, Haendelen Alcina obrarekin".

Biharko debutaz gain, abenduan, Haendel-en obra batekin arituko da Iñaki Encina Oyon

Ibilbide luzean jauzia

Parisko Operak duen musikari gazteentzako programa batean lau urtez aritu zen Iñaki Encina Oyon, eta lantaldea oso ondo ezagutzen duela dio. Bertan, publiko gaztearentzako lanak zuzendu ditu, baita gazte artisten programako operak ere. Horrekin batera, opera eta oratorio ugari zuzendu ditu, hala nola Mozarten La finta giardiniera, Pucciniren Madame Butterfly, Mozarten Bastian eta Bastiana, Haydnen L'isola disabitata, Mozarten Idomeneo, Rameauren Hippolyte et Aricie eta Weberren Abu Hassan, besteak beste.

Mundu mailako antzoki garrantzitsuenetako batean arituko da programa ofizialean zuzendari, eta ilusioz dago. "Elkarrizketetan esaten dudan moduan, Garnier jauregia mundu mailako rankingean bost antzoki onenen artean dago. New Yorkeko Metropolitan, Vienako Estatu Opera, Londresko Covent Garden… daude, baina Garnierrek xarma berezia du, sekulako aukera da niretzat, eta ondo prestatuta nago", dio Encinak.

Ondo ezagutzen duen obra

Batutarekin zuzendari titular gisa debuta egingo duen arren, eta Garnier jauregi enblematikoan, presiorik ez duela dio Encinak. "Oso ondo ezagutzen dut Iphigénie opera, zuzendari laguntzaile aritu naizelako hainbatetan beste antzoki batzuetan obra honekin, eta, beraz, ez dut arazorik. Opera hau joan den urtean egin behar genuen, nik zuzendari laguntzaile orduan, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen. Aurten berriz egingo zela erabaki zuten, eta oraingoan zuzendari egiteko eskaini didate. Jendaurrean ez naiz aritu lan honekin, baina nire ogibidea da, horretan egiten dut lan, eta, hain zuzen, pauso handia izango da nire ibilbide musikalean".

Aste bukaerako estreinaldiaz gainera, urriaren 15ean kaleratuko da, bestalde, Iñaki Encinaren bigarren proiektu diskografikoa, pianista gisa, Adriana Gonzalez soprano guatemalarrarekin batera. Complete Songs da, Isaac Albenizen abestien integrala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak