Elizateak hirigunearekin lotzeko taxi proiektu pilotua aurkeztuko da Apotzagako elkartean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 20a, 13:22

Taxi bat.

Irailaren 27an hasiko da taxi partekatuaren zerbitzu pilotua Eskoriatzan. Azaroaren 28ra arte iraungo duen zerbitzu honek udalerriko elizateak hirigunearekin lotuko ditu eta bi euroko kostua izango du bidaia bakoitzeko. Proiektuaren gaineko aurkezpena martitzenean egingo da, 17:30ean, Apotzagako elkartean.

Ander Iturri, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendaria, Joserra Zubizarreta Eskoritzako Alkatea, Miguel Jaenike Proiektuaren arduraduna eta herriko taxiaren arduradunak izango dira aurkezpenean hizlari moduan.

Konexioak egunero

Taxi partekatuko zerbitzu pilotuak Eskoriatzako elizateak (Marin, Marulanda, Zarimutz, Mazmela, Apotzaga, Bolibar, Lete, Gellao, Arkarazo eta Mendiola) Eskoriatzako herri gunearekin lotuko ditu. Gainera, Gellaorako eta Mendiolako zerbitzuek geltokia izango dute Aretxabaletan.

Konexioak egunero izango dira (domeka eta jaiegunetan izan ezik), goizean behin jaitsiko da elizateetatik herrigunera eta arratsaldean behin igoko da herrigunetik elizateetara. Egubakoitzetan eta zapatutan bigarren igoera bat ere egingo du gaueko azken orduan.

Joan-etorriek elizateetako biztanleen eguneroko eskari gehienak asetzen dituzte, hala nola, lanerako eta ikastetxeetarako mugikortasuna, gaueko aisialdia eta larunbateko merkataritza-ordutegia. Erabiltzaileak 2 euro ordaindu beharko du bidaia bakoitzeko, eta geltokitik aparteko tokiren batean hartu edo utzi nahi izanez gero, beste 2 euroko ordaindu beharko dira.

Partekatutako taxien ordutegiak ekainean elizetateetako biztanleei egindako inkesten emaitzen arabera diseinatu dira. Zerbitzua herriko lau taxilarik emango dute, eta hamabi biztanlegune lotuko dituzte, astelehenetik zapatura, bi udalerritan.

Bi hilabeteko probaldia

Zerbitzu pilotuak bi hilabeteko iraupena izango du, eta elizateetako eta herriguneetako biztanleen eskariak, ordutegiak eta desplazamenduaren arrazoia aztertzeko balioko du. Horrek proba bezala balioko du ondorioak ateratzeko, egun dagoen autobus zerbitzuaren osagarri litzatekeen taxi-zerbitzu partekatua jartzera begira.

Taxi partekatuaren zerbitzu pilotuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren finantzaketa eta laguntza instituzionala du, eta La Caixa Fundazioak Landa Eremuko Gizarte Ekintza 2020 programan finantzatutako Debagoieneko Eskualdeko Landa Mugikortasun inklusiboa proiektuaren barruan kokatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak