Behar bezala antolatu, eta egin daitekeela sinistu

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 17a, 09:17
Sagardoa edateko eta txistorra jateko aukera izan zen, Partxiseko karpan.

San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordeko kideak "pozik" daude asteburu kulturalak emandakoarekin. Gura beste ekintza antolatu ezin izan dituztenez, aurrera begirako helburua garbi dute: San Pedro Txikiak behar bezala ospatzea.

San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak ezin izan dira egin, eta horiek nolabait ordezkatzeko joan den asteburuan izandako asteburu kulturalak fruituak eman dituela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, "auzotarren ilusioa zein bertaratu ziren herritarrena eta hitzorduetan parte hartu zutenen aurpegietan nabari zen alaitasuna azpimarratzekoa izan da", dio Andoni Motok, San Pedro eta Intxaurtxueta Jai Batzordeko kideak.

Ipurua taldeko gimnastak Manuel Muñoz kiroldegian erakustaldia egiten.

Normaltasunera bidean antolatutako programak erantzun ona izan du bertaratu zirenen partetik, eta, hitzordu guztiek harrera ona izan zuten arren, artisautza eta elikagaien azoka nabarmendu du Motok: "Urte eta erdi ezer antolatu gabe geunden San Pedron eta Intxaurtxuetan, eta, bertako auzotarrez gain, herritar asko gerturatu zela esango nuke. Jaiak izan barik, jai giroa sumatzen zen, baina errespetu osoz eta neurriak errespetatuz jokatu zen. Beste herri batzuetatik ere gerturatu ziren hainbat lagun; batez ere, domekan. Azoka nabarmentzeko ekintza izan zen; izan ere, postu ugari izan genituen, eta, bi auzoetan zehar sakabanatuta izanda horiek, ez zen jende pilaketarik izan. Hala, gauzak behar bezala antolatuta egin daitezkeela jabetu gara".

Artisautza eta elikagaien azokako postu batean.

Eskoriatzako musika bandakoak Partxiseko karpan.

San Pedro Txikiak, gogoz

Aurrera begira, helburua garbi dute San Pedro eta Intxaurtxueta Jai Batzordeko kideek: San Pedro Txikiak behar bezala antolatzea. "Datorren urteko irailerako egoera hobean egongo garen aurreikuspena dugu, eta ordurako benetako jaiak antolatzea gustatuko litzaiguke. Hau da, herri bazkari batekin, parrillada on batekin, DJekin, herriko taldeen emanaldiekin… Duela bi urtetik baditugu zenbait ideia pentsatuta, eta horiek fintzen joango gara. Urtebete dugu San Pedro Txiki ahaztezinak antolatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak