Auzotarren ilusioa eta alaitasuna nabarmendu dute San Pedro eta Intxaurtxuetako kultura asteko antolatzaileek

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 12a, 10:35

Martxa onean doa jaien ordez antolatutako ekintza sorta. Pozik dira auzotarrak, baina pozik eta hunkituta ere bai aspaldiko partez emanaldiak egin dituzten gimnastak eta musikariak.

Adostu, prestatu eta egin. Horrela etorri da San Pedro eta Intxaurtxuetako auzotarrek prestaturiko kultura astea. Auzoko jaiak egin ezinik horiek nolabait ordezkatzera datorren asteburu kulturala da. Neurriak hartuta Partxis plazan jarritako karpan ari dira egiten hitzordu gehienak. Eserita ikusi behar dira emanaldiak, edukiera neurriak errespetatuz eta maskara jantzita. "Giro bikaina dago. Jendeak ilusio handiarekin hartu du asteburu kulturala egitea, eta edukiera bete dugu orain arte egindako ekitaldi guztietan. Ez dira jaiak, baina alaitasuna ekarri dute", azaldu du Batzordeko Andoni Motok. "Osasun segurtaun neurriekin ari gara egiten ekintza guztiak. Jendearen aldetik jarrera oso onarekin esan behar dut".

Hala, osasun neurriekin bada ere txupina bota zuten egubakoitzean eta buruhandiak ere irten ziren kalera. Iluntzea alaitzeko Irulita fanfarrea eta Duo Imperial izan zituzten auzoan.

Atzo, zapatua, txistularien kalejira izan zuten Eskoriatzan, eta ondoren gimnasia erritmikoa egiten duen Club Ipuruaren erakustaldia. Hunkituta ziren guztiak; izan ere, pandemia hasi zenetik txalorik jaso gabekoak ziren gimnastak. Federatutako gimnastek entrenatzeko aukera izan dute denbora horretan, baina erakustaldirik ezin izan dute egin.

Eskoriatzako musika bandak ere parte hartu du asteburu kulturalean. "Intxaurtxuetara etorri gabea zen banda, eta musikariak ere hunkituta ikusi nituen jasotako txalo zaparradarekin. Bandak ere ez ditu emanaldi asko egin azkenaldian", esan du Motok. Jesus C. Urrutiaren zuzendaritzapean Imanol Andetxagaren Esko Aurrera ereserkia, Hugo Chinestaren Acrobacies, Jacob de Haan-en Concerto d'Amore eta Abba zein Nino Bravoren kantuak eskaini zituzten, besteak beste.

Kirol elkartekoen aurkezpena, gaur

Gaur, domekan, 2021/2022 denboraldian izango duten kamiseta berrien aurkeztuko dute Eskoriatza Kirol Elkarteko taldeek, 13:00etan, Ikerra eta Hemen Garbiketak enpresak izango dira babesle berriak, eta horien ordezkariak areto futboleko eta saskibaloi taldeetako zenbait jokalarirekin argazkiak egingo dituzte Manuel Muñoz kiroldegian.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak