Mikel Alkaide: "Denboraldi berrirako talde gaztea eratu dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 3a, 15:14

Mikel Alkaide Eskoriatza areto futbol taldeko entrenatzailea. Argazkia: Eskoriatza K.E.

Maila Nazionaleko Eskoriatza taldeko zenbait jokalari beteranok taldea utzi dute, eta, aurpegi berriekin, talde gaztea osatu du Mikel Alkaide entrenatzaile berriak.

Taldean garbiketa eginda, beste talde batzuetako jokalariekin, taldea utzi dutenekin eta probintzial mailako Eskoriatzako bigarren mailako taldetik igotako jokalariekin talde gaztea eratu du Eskoriatzak Maila Nazionalean lehiatzeko. Taldeko gidari berria dute lan horretarako: Mikel Alkaide eskoriatzarra. Entrenatzaile gisa ibilbide luzea du etxeko zenbait kategoriatan, eta iaz, Eskoriatza Kirol Elkarteko Narciso Pavorekin batera areto futboleko bigarren mailako Laskorain taldean sendo ikasi du. Hori horrela, hasi dira denboraldia prestatzen, eta ikasitakoak praktikan jartzeko irrikan dago.

Erronka berria hastera zoaz. Gertu zaude Eskoriatzako lehen taldea zuzentzeko?

Ilusioz nago eta taldekideak ere halaxe ikusten dut. Denboraldia ez da hasi, baina abuztuaren 23an hasi ginen denboraldi-aurrearekin, eta liga hasiera ona izan nahi badugu, gogor entrenatu behar dugu, eta horretan ari gara. Hori horrela, astean lau entrenamendu egiten ari gara egunotan. Horrekin batera, joan den zapatuan, Aurrera Vitoria taldearen aurka jokatu genuen lagunartekoa, etxean, eta 7-4 irabazi genuen. Zapatu honetan, berriz, Elorrietako taldearen aurka jokatuko dugu beste lagunarteko bat, 18:00etan izango dena Manuel Muñoz kiroldegian, eta denboraldia irailaren 18an hasiko dugu, etxetik kanpo, Gora Bilbo taldearen aurka.

"Hilaren 18an hasiko dugu denboraldia, etxetik kanpo, Gora Bilboren aurka"

Talde gaztea osatu duzu, eta aurpegi berri asko ikusi daitezke, gainera?

Taldean urte luzez aritu diren zenbaitek utzi egin dute taldea, eta beteranoena 34 urteko Aratz Kortazar kapitaina da. Beraren ondoren, 24 urteko Jon Ugarte gaztea dugu, eta beste guztiak gazteagoak dira. Aritz eta Markel Urzelai eta Ekain Eriz jokalariak UDA areto futbol taldera joan ziren gazte mailan, eta orain, Eskoriatzara bueltatu dira. Gure klubeko probintzial mailako bigarren taldetik ere zenbait jokalari igo ditugu: Ian Mcheil, Oier Gaztañaga, Kimetz Zabala eta Jokin Murillo. Hauekin batera, Jokin Salido atezaina jokatu gabe egon da lesio baten ondorioz, eta entrenatzen hasiko da indarra hartzeko, eta Jon Lucero ere entrenatzen ari da gurekin, nahiz eta fitxa gabe dagoen.

Ezarri duzue helburu finkorik denboraldi berrirako?

Iaz, denboraldi aparta egin zuen taldeak, eta bide beretik jarraitu nahiko genuke. Hirugarren Mailari eustea da, hasiera batean, planteatu duguna, baina urtea aurrera joan ahala joango gara erronka berriak ezartzen. Jakinaren gainean gaude talde berria eta gaztea dela, eta, jokalari beteranoen falta igarriko den arren, gertu gaude. Beraz, apurka-apurka joan beharko dugu pausoak ematen.

"Hirugarren Mailari eustea da, hasiera batean, planteatu dugun helburua"

Narciso Pavorekin batera bigarren mailan aritu zara entrenatzaile urtebetez, Tolosan. Biok Eskoriatza Kirol Elkartera bueltatu zarete. Bertan ikasitakoak praktikan jartzeko gogoz?

Pila bat ikasi nuen iazko denboraldian. Esperientzia izugarria izan zen eta bertako irakaspenak fruituak ematea ondo legoke. Narciso Pavok adierazi zuen utzi egingo zuela taldea eta Eskoriatzara bueltatuko zela. Bioi eskaini ziguten bertan jarraitzeko, baina Eskoriatzara bueltatzeko eskatu zidaten, orain arte aritu den Iker Molina entrenatzaileak taldea utzi behar zuelako, eta kirol elkarteak, gainera, ez ditu entrenatzaileak soberan… Beraz, erabakia hartuta, taldeko entrenatzailea ni izango naiz, eta Narciso, atezainen entrenatzaile izateaz batera, maila beheragoko Eskoriatzako taldeko entrenatzaileak formatuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak