Batez ere, blues eta rock estiloak uztartzen dituzten taldeen aldeko apustua egin dute hamahirugarren edizio honetan Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek. Sei taldek eskainiko dute kontzertua herriko txoko ezberdinetan; herrigunean, zein herrigunetik kanpo.
Maila handiko taldeak
Irailaren 17an, egubakoitzean, kontzertu bakarra izango da. Herriko Plazan, 22:30ean, Swingtronics taldea igoko da oholtzara jaialdiari hasiera emateko.
Irailaren 18an, zapatuan, berriz, hiru emanaldi izango dira: 13:00etan, herriko plazan, The Allnighters taldea arituko da; 19:00etan, herriko kaleetan zehar arituko da ondoren Broken Brother Brass Band taldea; eta 22:30ean, Gernika plazan izango da Wood Strings taldea.
Irailaren 19an, domekan, aldiz, herrigunetik kanpo izango da Idoia Asurmendi musikari aramaioarraren kontzertua, 13:00etan. Hain zuzen ere, Lete auzoan, Santa Lutziako ermita alboan. Aurtengo egitarauari amaiera emateko, berriz, Moonshine Wagon taldea arituko da 19:00etan, Gernika plazan.
Antolatzaileek azaldu dute eremua kontzertua baino ordu erdi lehenago irekiko dutela eta sarrera librea izango dela zehaztutako edukiera osatu arte; kontzertuak doakoak izango da.