Eskoriatza-Alcanadre klasikoa, oroimenean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 23a, 09:18

Conrado Encina, Eskoriatza-Alcanadre klasikoko zenbait unetan.

Conrado Encinaren heriotzak samina eragin die herritar askori. Martitzenean egin zen hileta-elizkizuna, eta hunkigarria izan zen. Eskoriatza-Alcanadre klasikoaren zutabe garrantzitsuena bera izan zen, eta askok izango dituzte gogoan orduko istorioak.

Astelehenean hil zen Conrado Encina eskoriatzarra, 79 urterekin. Herrian ardoa banatzeagatik zen ezaguna, eta lagunartean hasi eta oso popular bihurtu zen Eskoriatza-Alcanadre klasikoaren sortzailea izan zen. Bere izaeragatik igarriko dute askok haren falta, baina txirrindularitza proba horren edizio guztietan gertatu ziren istorioengatik eta egindako egun-pasa ederrengatik ere izango da oroitua beste zenbaitengandik. Oso maitatua zela ere argi geratu zen martitzeneko hileta-elizkizunean.

Eskoriatza-Alcanadre klasikoaren sortzailea izan zen Conrado Encina

Urte luzez egin zen Eskoriatzatik irtenda Alcanadrerainoko (Errioxa) proba. Bizikletan joaten ziren zenbait lagun, eta bere anaien upategian egiten zen bazkaria lehen urteetan. "Edizio jendetsuenetan, baina, herriko taberna batek eramaten zuen zinema aretoan egiten genuen bazkaria. Hasieran, lagunarteko zerbait zen, hamar lagun inguru joaten ziren, eta gero, klasikoa hamar urtez-edo egin zen. Ondoren, Eskoriatzako eta Oñatiko lagun gutxi batzuekin egiten genuen, orduko kuadrillakoekin. Gogoan dut edizio batean 49 lagun joan ginela bizikletan eta beste 50 lagun inguru autoz. Parte-hartzaile guztientzat sariak lortzen saiatzen zen Conrado, eta Guardia Zibilak bidegurutzeak zaintzen zituen Alcanadren. Sekulakoa izaten zen, Espainiako Bira ematen zuen…", dio Goio Uribek, Conrado Encinaren lagunak.

Erakusketan protagonista

2018an, Eskoriatza eta txirrindularitza izeneko erakusketa jarri zuten Ibarraundi museoan, eta garai batean txirrindularitzan ibilitako eskoriatzarren argazkiak izan ziren ikusgai. Eskoriatza-Alcanadre klasikoko uneek ere izan zuen bere lekua. Benito Belokiren argazki batekin hasten zen erakusketa, 1896. urtean egurrezko bizikleta egin baitzuen, aldapan behera jaisteko bakarrik balio zuena. 80ko hamarkadako argazki mordoxka ere jarri zituzten, Eskoriatza-Alcanadre klasikoaren hainbat ediziotakoak. Txirrindularitzan nabarmendu diren gizon eta emakume eskoriatzarrei protagonismoa ere eman zitzaien erakusketan, eta erakusketa ez zen argazkietara soilik mugatu, garai bateko eta gaur egungo maillotak edota bizikleta benetan ikusgarriak ere jarri zituzten. Erakusketaren argazki batean Conrado Encina bete-betean agertzen zen Eskoriatza-Alcanadre klasikoko proba batean, eta bertan egiten zituzten bazkarietako erretratuak ere jarri zituzten paneletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak