Common Climber izeneko aldizkari digitalak eskaladaren baitako erreportajeak, elkarrizketak, argazkiak eta istorioak batzen ditu. Bertan egiten du lan Dave Barnes australiarrak. Editorea da, eta, eskalada gustuko, liburu bat idatzi du; The red curtain, Climbing Expedition to Mars 2043. Liburua amaituta, inprentan dago, eta, zirriborro bat atera duten arren, uztail amaierarako edo abuztu hasierarako argitaratuko da. Karmelo Oñate eskoriatzarrak egin ditu lan horretarako ilustrazioak, eta gogotsu dago emaitza ikusteko. Azalaz gain, libururako zazpi marrazki eta eleberriaren hedapenerako beste hainbat ilustrazio egin ditu eskoriatzarrak.
Fikzioa eta errealitatea
Oñateren esanetan, ilustrazioak egiteko Dave Barnesek idatzitako liburuko zenbait pasarte irakurri ditu, eta irakurterraza dela esan du. "Fikziozko istorio bat kontatzen da, etorkizunean girotuta dagoena, Marten. Eskalada da oinarria, eta kirol hau ezagutzen dutenen artean ohiko kontzeptuez eta bestelakoez asko hitz egiten da; espedizioaren plangintzatik hasi eta bidearen azken xehetasunetaraino. Oso pozik nago Daverekin elkarlanean aritu naizelako dedikazio handiz egindako lan handi honetan. Proiektua pasioz egin du, eta duela bi urte hasi zen Marteko abentura hau idazten. Buru-belarri aritu da, eta bere ilusioak kutsatu egin nau. Nire ilustrazioak nahi zituela esateko deitu zidaten Common Climber aldizkari digitaletik, eta gustura geratu naiz egindakoarekin. Hala ere, beste hainbat lan ere baditut esku artean beraientzat egiten ari naizenak. Gainera, nobelako pertsonaia bat bezala ere sartu nau, eta liburua esku artean izateko gogoz nago, emaitza ikusteko", adierazi du Karmelo Oñatek.
Erronka berria, gustuz eginda
Karmelo Oñate alpinismo, arroila jaitsiera eta eskalada zalea da, eta horien gaineko ilustrazioak egiten ditu. Dave Barnesek bere lana ezagutzen zuela dio, eta bere aldeko apustua egin duela lan honetarako: "Common Climber aldizkari digitalerako artikuluren bat edo beste idatzi dut, marrazki batzuk ere egin ditut… Kasu honetan, eleberri baterako ilustrazioak dira, eta erronka berria gustuz egin dut".