The Clayton taldearen emanaldia uztailaren 23ra atzeratu dute

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 9a, 09:26

Aramaioko The Clayton taldeko musikariak. Argazkia: The Clayton

Eskoriatzako Udalak Ostiral musikatuak izeneko programa jarri du martxan, eta egitasmoari hasiera emateko Aramaioko The Clayton taldeak eskaini behar zuen, gaur, lehenbiziko emanaldia. Kontzertua gaur izan behar zen, baina uztailaren 23ra atzeratu dute; 22:00etan, Santa Marina plazan izango da.

Sarrera doakoa den arren, edukiera mugatua izango da. Hain zuzen ere, 200 lagun batu ahal izango dira, gehienez, Santa Marinan. "Martxan jarri dugun Ostiral musikatuak programaren barruan bi kontzertu izango dira uztailean: bata, uztailaren 23koa; eta bestea, uztailaren 16an –Trigger–. Biak izango dira ordu eta leku berean, 22:00etan, Santa Marinan. Hala ere, egitasmoarekin jarraituko dugu irailean, eta urrian, Santa Marinan izatetik Zaldibar antzokian izatera pasako dira kontzertuak", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Aramaioarrak, disko berriarekin

Rock, blues eta punk ukituak dituen Aramaioko The Clayton musika taldeak Phoenix diskoa argitaratu berri du, eta lan berrian jasotzen dituen kantuekin izango da gaur Eskoriatzan. Apirilean grabatu zuten diskoa, Bilboko Silver Recordings estudioan, eta lehenengo bideoklipa ere argitaratu dute: Youtuben dago ikusgai –Kendu gorbata–. Lan horretarako, Arrasateko Perlata musika taldekoen kolaborazioa izan dute, eta, 10.000 ikustaldirekin, harrera ona izan du. Zuzenekoetan ere indar handia duen taldea dela demostratzen ari da; hori horrela, emanaldia iritsi aurretik euren musika ezagutu nahi duenak diskoa erosi dezake, Inkernun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak