Paintballarekin hasita, ekintza mordoa aurretik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 8a, 09:44

Udaero egitasmoaren barruan paintballean aritu zirenen talde argazkia.

DBH-1 eta DBH-4 arteko ikasleei zuzendutako Udaero aisialdi programa hasi da asteon, eta, uztaila amaitu arte, ekintza ugari dituzte antolatuta: Alabitara gaua pasatzera, Gatz Bidea egitea eta Zarautzen surf ikastaroa egitea, besteak beste.

Martitzenean hasi zen Udaero, nerabeendako oporraldira begirako aisialdi eskaintza. Hiru begiraleren gidaritzapean, astelehenean egin zuten lehenengo irteera nerabeek, eta adrenalina askatuz eman diote hasiera gazteek egitasmoari. Ondo baino hobeto pasatu zutela adierazi dute begiraleek, eta hasi bakarrik egin direla gaineratu dute; izan ere, uztaila bukatu arte, ekintza mordoa dituzte antolatuta.

Paintballa egitera Galarretara joan ziren, bertako Iturgutxi Paintballera. 38 nerabe batu ziren bertan jolasa gauzatzeko, eta, bi taldetan banatuta, kolorezko bolak elkarri botatzen goiz ederra pasa zuten. Honela adierazi du Leire Lezetak, Udaero egitasmoko begiraleetako batek: "Harrera ederra izan du Udaeroko lehenengo ekintzak, eta guztiok disfrutatu dugu. Hala, saioa amaitzean, talde argazkia atera genuen parte-hartzaile guztiok. Datozen asteetarako ere badugu plana: Eskoriatzatik irtenda Gatz Bidea egingo dugu egun batean, beste egun batean Lexargaratera igoko gara, eta Alabitan gaua pasatu nahiko genuke… Hala ere, eguraldiak baldintzatuta egongo gara, eta, agian, aldaketak egin beharko ditugu egitarauan. Helburua ondo pasatzea da, eta ondo hasi gara, ea datozen ekintzak ere halakoak diren eta nerabeek disfrutatzen duten".

Aurreikusitako ekintzak

Ekintza bakoitzean 20-30 nerabe inguru arituko diren aurreikuspenarekin, hurrenez hurren, honako ekintza hauek dituzte programatuta: uztailaren 12an, Eskoriatzatik Oñatira joango dira bizikletan, eta Usakon egingo dute geldialdia. Bertan, ausartenek errekako ur hotzean bainua hartuko dute. Uztailaren 14an, Eskoriatzatik irtenda Leintz Gatzagara igoko dira Gatz Bidea eginaz. Uztailaren, 20an, berriz, beste hainbat ediziotan egin duten surf ikastaroa izango dute Zarautzen, eta uztailaren 22tik 23ra bitarteko gaua Alabitan egingo dute.

Hamar urtean aldatzen

Hamar urte pasa dira nerabeentzat zuzendutako oporraldirako aisialdi programa antolatzen hasi zirenetik. Ordutik hona, irteerek izan dute protagonismoa urtero, Gazte konkis ekimenak ere arrakasta izan du azken edizioetan, baina aurten hainbat aldaketa izan dituzte. Esaterako, ez dituzte Eskoriatzako eta Aretxabaletako gaztelekuek elkarlanean antolatu; herri bakoitzak bere eskaintza antolatu du, plazak mugatu egin dituzte, Gazte konkis ere ez da izango…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak