"Arre" eta "so" baino gehiago esaten ikasteko

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 2a, 16:48

Zaldiekin saioa ematen.

Zaldi gainean aritzen ikasteko hastapeneko zaldi udalekuak antolatu dituzte uztailerako. Lau astez, astegunetan, eskainiko dira saioak, Lete auzoan, eta egun soltea edo aste osoko saioa jasotzeko aukera izango dute interesdunek.

Uztaileko astegunetarako udaleku berezi batzuk antolatu dituzte Eskoriatzan, adin guztietako jendeari zuzendutakoak. Hain zuzen ere, zaldi udalekuak eskainiko ditu Yanira Urzelai eskoriatzarrak, Lete auzoan. Aste osokoa edo egun solteko saioa hartu ahal izango da, eta interesdunek 635 77 15 96 telefono zenbakira deitu dezakete, edo yaniraurzelai@arizmendikide.net helbidera idatzi.

Irakaskuntza, jolasen bitartez

"Gaur-gaurkoz, klase solteak ematen ari naiz zaldi gainean aritzen ikasi nahi duten haurrendako, eta, kasu honetan, zenbait jolas ditut prestatuta; oztopoak gainditzea, adibidez. Hala, uztailera begirako zaldi udalekuetara jendea animatzen bada, oinarrian, zaldi gainean aritzen ikasiko dute, beste zenbait ikasgai orokorrekin batera. Hala ere, horretaz gain, natura ingurunean gozatzeko aukera izango da udaleku hauetan, eta, behin zaldi gainean aritzen ondo ikasi ostean, zaldiak hezteaz, salto egiteaz, iraulketaz… ere ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek".

Zabalik dago izen-ematea zaldi gainean aritu nahi duen guztiarendako, eta jendea animatzea gustatuko litzaioke Urzelairi, berak dioen moduan, "ederto" pasako dute eta. Letetik Mendiolara bitartean duen txabolan dago egunotan, goizez zein arratsaldez zaldiekin, eta "argibiderik nahi duena bertatik pasa daiteke, nahi izanez gero".

Gehienez, sei laguneko taldeak

Uztailaren 5etik 9ra, uztailaren 12tik 16ra, uztailaren 19tik 23ra eta uztailaren 26tik 30era, lau asteko saioak izango dira, 10:00etatik 14:00ak bitartekoak, eta interesdunek izena nahi duten moduan eman ahal izango dute. Horrekin batera, udalekuetarako edukiera muga ere ezarri du Urzelaik; gehienez, sei pertsonako taldeak izango direla azpimarratu du. Prezioak, berriz, honako hauek dira: asteko ikastaroa 150 euro eta egun bakarrekoa, berriz, 30 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak