Salburua, Tafalla eta Kukuiaga taldeak nagusi 'Eskoriatza futsal cup' txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 27a, 13:58

Kukuiaga eta Eskoriatza taldeetako jokalari kadeteak gaurko sari banaketan.

Atzoko sailkapen norgehiagoken ostean hiru final jokatu dituzte, gaur,  Eskoriatza futsal cup txapelketaren barruan. Egun eta erdiko torneoan sei talde elkartu dira Eskoriatzan. 180 mutiko izan dira haien senitarteko eta lagunekin. Eskoriatza KE elkarteko kide Narciso Pavok esan du guztien jarrera izan dela txalotzekoa.

"Zoragarria izan da, eta bikain atera dela esango nuke", izan dira Narciso Pavoren hitzak txapelketa bukatu bezain laster. Hunkituta zegoen eta esker hitzak izan ditu antolakuntza lanetan lagundu duten guztiendako, kolaboratzaileendako, parte hartu duten sei taldeendako, babesleendako, umeendako eta umeen senitartekoendako. "Urte eta erdi egon gara geldirik, eta zoragarria izan da umeen ilusioa eta motibazioa ikustea. Horrek ez du preziorik. Etorri diren guztiek ulertu dute egoera eta denek errespetatu dituzte protokoloak ezarritako neurriak. Jasotako erantzuna bikaina izan da. Oso eskertuta gaude".

Protokoloak markatutako txapelketa izan da. Sarrerak eta irteerak egiteko ate desberdinak zeuden, plaza mugatuak zituzten kiroldegian eta jokoan ziren taldeen jarraitzaileek bakarrik izan dute partiduak ikusteko aukera, maskara jantzita behar zuen... "Protokoloak gauza asko eskatzen zituen eta guztiak errespetatu dituzte. Milesker denei!", esan du Pavok.

Sei talde, 180 jokalari

Aurreikusi moduan sei talde aritu dira nor baino nor lau kategoriatan: GFS Bilbo (Bizkaia, Bilbo), Kukuiaga (Etxebarri, Bilbo), Salburua (Gasteiz, Araba), Tafa FS edo Sota (Tafalla, Nafarroa), Ibarrarte (Esteribar-Erro, Nafarroa) eta Eskoriatza K.E.

Alebin mailan, Eskoriatza KE eta Salburua taldeek jokatu dute finala. Kanpotarrak nagusitu dira 3-6 emaitzarekin. "Benjaminak eta alebinekin nahastu egin ditugu, eta norgehiagoka oso polita egin dute. Ikuskizuna eman dute jokalariek", azaldu du Pavok.

Infantil mailan, Nafarroako bi talde izan dira aurrez aurre; Tafa FS  eta Ibarrarte. Tafallarrak nagusitu dira 3-1.

Kadeteetan, azkenik, Eskoriatza KE-k eta Kukuiagak jokatu dute finala. Bizkaitarrak nagusitu dira 0-3. "Sailkapeneko partidua guk irabazi genuen, baina gaurkoan hobeak izan dira eta zoriondu egi behar dira", esan du Pavok.

Hiru finaletik bi jokatu dituzte Eskoriatza K.E.-ko jokalariek. "Hainbeste denbora ia geldirik egon eta gero ez genekien nola erantzungo genuen, eta egia esan pozik egoteko moduan gaude. Eskoriatzan lan oso polita egiten ari da jende asko oinarrizko taldeekin. Eskailera osatuta daukagu: benjaminak, alebinak, infantilak, jubenilak, kadeteak… Garrantzitsua da".

Hitzaldi interesgarria

Zapatuan lau adituren eskutik izandako mahai-ingurua edo hitzaldia ere nabarmendu gura izan du Pavok. "Mezu oso interesgarriak eta baliagarriak jaso ditugu umeekin lanean dihardugun entrenatzaileek, hezitzaileek eta gurasoek. Umeendako ere interesgarria izan zen. Mila mila esker Teresa Aranzibiari, Jesus Candelasi, Alvaro Gonzalezi eta Jaime Rodriguezi".

 

 

 

Erlazionatuak

'Eskoriatza futsal cup' , argazkitan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 eka 27 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak