Kalejira eta kontzertua eskainiko ditu bandak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 26a, 17:00

Iaz, San Pedro jaietan, Eskoriatzako banda herrian zehar kalejira egiten.

Bezpera egunean kalejira egin izan du Eskoriatzako bandak urtero, eta San Pedro egunean, berriz, kontzertua. Aurten, ekainaren 28an, 19:00etan hasiko dute kalejira herri osoan, eta hilaren 29an kontzertua izango da, Santa Marina plazan.

Beheko Errota musika eskolako bandak urtero egin izan du San Pedro jaietan kalejira eta kontzertua. Bata, San Pedro egunaren bezperan, eta bestea, berriz, San Pedro egunean, hilaren 29an. Aurten ere ez dute hutsik egingo, eta herritarren gustuko emanaldiak izatea espero dute.

30 musikari batzen ditu Eskoriatzako Beheko Errota musika bandak, baina zenbait kide ikasketengatik kanpora joaten dira ikastera, beste zenbait lanean kanpoan daude edo erreleboka, eta, aste barruko saioak direnez, ezingo dira guztiak batu. Hala ere, 25 musikari inguru batuko direla ziurtatu dute Eskoriatzako bandako ordezkariek.

Lanean, etorkizuna bermatzeko

Angel Bañares izan da urteetan Eskoriatzako bandako zuzendaria, eta, Jesus Urrutiak batuta hartu zuenetik, indartu egin dela banda adierazi du Eneritz Korujo musikariak. "Hitzordu jakinak ditugu urtean zehar: Santa Zeziliakoa, Gabonetakoa, zenbait urteren ostean berreskuratu genuen Aratusteetako kontzertua… Errepertorioak eta piezen generoak aldatzeak motibatu egiten gaitu, eta ezinbestekoa da hori Eskoriatzako bandaren etorkizuna bermatzeko. Ezin gara beti berdina jotzen aritu, eta ezta plaza beretan, baina, zenbait kasutan, ez da erraza guztiok batzea. Horrekin batera, musikari gazteen beharra ere ezinbestekoa dugu, baina harrobia sendo dago, eta horiek mantentzeko lan ere egin behar dugu. Helburua beti da bera, musikaz disfrutatzea, ondo pasatzea eta asmo horrekin eskainiko ditugu San Pedro jaietako kalejira eta kontzertua".

Eneritz Korujo: "Bilakaera ona izan dugu"

Eneritz Korujo bandako musikaria.

"25 urtetik gora daramatzat Eskoriatzako bandan klarinetea jotzen, eta fase ezberdinak bizi izan ditut. Gogoan dut Jesus Urrutiak, bandako kide moduan, bonbardinoa jotzen zuela, eta orain zuzendaria da. Angel Bañares ere zuzendari eta musikari moduan ezagutu dut… Gaur egun, berriz, jende gazte dezente batu da, eta giro oso ona dago. Zuzendari gaztea izatea positiboa da, eta, urteko emanaldien artean, San Pedro jaietakoak bereziak izaten dira. Jai giroko kantuak direnean, musikariok gusturago aritzen gara. Pieza berriak beti dira ongietorriak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak