Eskoriatzako jaien egitarauaren barruan, bezpera, San Pedro eguna, Kuadrillen Eguna eta Euskal Jai Eguna izan ohi dira. Aurten, baina, ez da sanpedrorik ospatuko, nahiz eta zenbait ekintza antolatu diren.
Martitzeneko osoko bilkuran, herriko jaieguna proposatu zuten 2022rako, San Pedro eguna. Aho batez onartu zuten udalbatzako kide guztiek, eta, horrekin batera, mezu hau helarazi zuen Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak: "Datorren astean, ekainaren 29a izango da San Pedro eguna. Geroz eta argi gehiago ikusten ari gara etorkizun hobe baten alde, baina aurten ere sanpedrorik gabe gaude, zoritzarrez, nahiz eta zenbait ekintza edo ekitaldi izango diren. Urrats berri baten aurrean gaude, beste erronka baten aurrean; izan ere, ekainaren 26tik aurrera musukoa kalean erabiltzea aukeran izango dugu. Urrats garrantzitsua da, eta badirudi ekaineko ohiko osoko bilkuran onartu dugun 2022ko San Pedro eguna jai ofizial bezala herrian ospatzeko moduan egon gaitezkeela. Zuei, zinegotzi guztioi, eta herritar guztiei, ahal duzuen eta onduen pasatzeko esan nahi dizuet. Oraindik badakigu zaintzen jarraitu behar dugula, eta guztion ahalegina behar dela aurrera irteteko. Hala, sanpedroak ahalik eta ondoen pasatzen saiatu".
Egingo diren ekintzak
Meza egunak honako hauek izango dira: hilaren 28an, 19:00etan, salbea. Ekainaren 29an, meza nagusia, 12:00etan; eta hilaren 30ean, hildakoen aldeko meza, 12:00etan. Horrekin batera, zapatu honetan, Santa Marinan zenbait ekintza izango dira Eskoitza Txosna batzordekoek beste zenbait talderekin elkarlanean antolatuta, eta, horrekin batera, bandaren kalejira (ekainak 28, 19:00etan) eta kontzertua (ekainak 29, 18:30ean) izango dira, eta baita, txistularien kalejira (ekainak 28, 19:00etan) eta diana (ekainak 29, 10:00etan).