San Pedro jaietako egunak astegunetan direnez eta jende askok egun horietan ezingo duenez ekitaldietan parte hartu, zapatu honetarako egitaraua prestatzea erabaki dute herriko zenbait elkartek elkarlanean.
Eskoriatzako jaietan, Santa Marina plazan izaten den txosnagunean, urtero izaten dira kultura emanaldiak, eta oraingoan karparik egongo ez denez, eguraldi ona egiteko "errezatu" egin beharko dutela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, eguraldi ona dago iragarrita, baina, hala ere, txarra egiten badu, Olaeta plazara bideratuko dituzte ekintzak. Santa Marina plazako edukiera mugatua izango da, eta 200 pertsonarentzat izango da esertzeko lekua. Horrekin batera, pertsonen arteko distantzia mantentzeko eta maskarak erabiltzeko eskaera egin dute.
Estilo nahasketa berezia
Txosnaguneko ekitaldiak 18:00etan hasiko dira, eta Silitia taldea izango da lehena oholtzan. "Estilo alternatiboa eskaintzen duten Ibai Silicato –ahotsa eta perkusioa– eta Xabier Barrutia –gitarra eta baxua– lekeitiarrak izango dira oholtzan. Eurek esaten duten moduan, estilo nahasketa bat eskainiko dute: pop, rock, dance eta phsicodelic show-a. Horren ostean, 19:30ean, Fernando Eskoriatza plazara gerturatuko gara presoen aldeko kontzentrazioa egiteko eta talde argazkia ateratzeko, eta, amaitzeko, Santa Marinara bueltatu, eta 20:00etan Nhil musika taldearen emanaldia izango dugu egitaraua ixteko", adierazi dute Eskoitza Txosna Batzordeko kideek.
Herriko ordezkaritza oholtzan
Beñat Arrieta gitarra-jolea, Sara Alonso piano-jolea eta abeslaria, Asel Errasti bateria-jolea, Xabi Zuazabeitia baxu-jolea, Lia Garai saxofoi-jolea eta Aitor Ruiz de Austri tronboi-jolea dira Nhil musika taldea osatzen dutenak. Zaldibar antzokian egin zuten iaz, martxoan, aurkezpen kontzertua, eta oraingoan, berriz, Santa Marina plazako kiosko gainean izango dira, Aztarnak diskoko kantuak eta bestelako bertsioak eskaintzen. Zapatuko emanaldian, aldiz, Eskoriatzako ordezkari bakarra beharrean – Beñat Arrieta– beste eskoriatzar bat izango dute eurekin: Asel Errastiren ordez, Gari Barandiaran arituko da bateria jotzen, hain zuzen ere.
'Marixol Eskoriatzara!' oihu eginez
Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko ordua dela aldarrikatuko dute elkarretaratzean. "Elkarbizitzaren alde, konponbidearen alde, preso eta iheslariak etxeratzea lortu arte lanean segiko dugu", adierazi dute Sare Eskoriatzako kideek.