Kiroldegia urez bete da, eta baita, kanpoko futbol zelaia ere. Arizmenditik adierazi dute ikasleak 14:00ak arte egoten direla bertan, eta beraiei ez diela eragin ur-jasak. Hala ere, zenbait irakasleri kotxez ez jaisteko gomendatu diote denbora batez, Ertzainek eta suhiltzaileek. Hala ere, une honetan errepidea garbi dagoela adierazi dute. Eskoriatzako Udal brigadakoak eta teknikariak ere bertan izan dira, eta reten bat guardian utzi zutela bertan adierazi dute Eskoriatzako Udaletik, asteburu osoa ere han egongo dena.
Urak zer nolako kalteak eragin dituen ezin dute baieztatu oraingoz, baina honako oharra helarazi dute:
"Gaur arratsaldean izandako euri jasen ondorioz, guneak kalte handiak jasan ditu. Kanpo ingurunea zein Almenerako sarbideak ez dira batere seguruak une honetan. Ondorioz, bihar ezin izango da inor Almenera gerturatu. Azken eguna izanik, pena handiz, ezingo diogu ikasturteari nahi moduan amaiera eman. Ez-ohiko egoera baten aurrean gaudenez, ezin dugu beste modu batean erantzun. Dena den, baldintzek posible egiten duten heinean, hurrengo astean agurra egiteko modua bilatzen saiatuko gara".