Iker Molina: "Atseden hartzeko ordua iritsi zait, penaz bada ere"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 17a, 19:18

Eskoriatza areto futbol taldeko Iker Molina entrenatzailea partidu batean aginduak ematen.

Iker Molina eskoriatzarrak hamasei urte egin ditu Eskoriatza Kirol Elkartean, delegatu eta entrenatzaile, baina datorren denboraldian ez du jarraituko talde nagusiko entrenatzaile.

Maila Nazionala zuzentzen duen Eskoriatza areto futbol taldeko Iker Molina entrenatzaileak taldearen gidaritza utzi du. Agurra barik, gero arte bat dela argi du berak, eta kirol elkartekoek ere babesa adierazteaz batera eskerrak eman dizkiote. Bere erabakia irmoa da, eta, penaz bada ere, datorren denboraldian, lana, familia eta taldearen gidaritza uztartzeko zailtasunak tarteko, atseden hartzea erabaki du.

Taldea utziko duzu, momentu gorenean dagoela. Zergatik erabakia?

Familia izan behar dut irailean, eta hori da arrazoi nagusia. Horrekin batera, Gasteizen bizi naiz, lanetik berandu irteten naiz, eta astean hiru entrenamendu zein asteburuko partiduak izanda, dena uztartzea zaila egingo zait. Pena handiz hartu dut erabakia, baina niretzat zein taldearentzat onena dela uste dut. Hala ere, ez dakit noiz, baina bueltatuko naiz.

Ibilbide luzea izan duzu Eskoriatza Kirol Elkartean. Zein momenturekin geratzen zara?

34 urte egin behar ditut eta 18 urterekin hasi nintzen. Jokalari gisa ez naiz sekula aritu, baina 18 urte nituenean lau denboraldi egon nintzen delegatu, beste hiru urte gazte mailako entrenatzaile, lau urte bigarren taldean eta beste lau urte lehen taldearekin. Urte asko dira momentu bat aukeratzeko, baina, esate baterako, bigarren taldeko entrenatzailea nintzenean, Lehenengo Erregional Mailatik Erregional Preferentera igo ginekoa oso gogoan dut. Hala ere, gogoangarriena, edo lorpen handiena, lehen taldearekin Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igo ginenekoa da, zalantza barik. Izan ere, maila horretara hamalau urtean igo barik egon ostean, salto hori ematea izugarria izan zen.

"Momentu gogoangarriena, lehen taldearekin Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igo ginenekoa da"

Datorren urtera begira nola ikusten duzu taldea?

Sailkapenean liderrak izan gara denboraldi erdi, baina igoera fasean seigarren postuan sailkatu gara. Beraz, emaitzei erreparatuz, zapore gazi-gozoarekin bukatu dugula esan dezakegu. Azken bi hilabeteetan lesio ugari izan ditugu; jokalari garrantzitsu asko, gainera. Lehiatu gara, baina taldean halako hutsuneak daudenean oso zaila da aurkariei aurre egitea. Hiru partiduren faltan helburua lortzekotan izan ginen, baina ez da horrela izan.

Etorkizunera begira taldeak igoera lortzeko aukerak dituela esan dezakegu?

Goiko postuetan eta onenen aurka lehiatzeko moduko taldea dugula demostratu dugu denboraldi honetan. Igoera ez dugu lortu, baina datorren denboraldian helburu hori jartzea ondo legoke. Joan den denboraldian lortu genuen igoera, lehenengo aldiz jokatu eta mantendu egin genuen kategoria, eta oraingoan ere modu berean jarraitu beharko genuke.

Domekan sare sozialetan Eskoriatza Kirol Elkarteak mezu ederra utzi zizun, ezta?

Eskoriatzako ibilbidean egindako lanaren eta lorpenen berri emateaz batera, esker mezu ederra izan da niretzat kirol elkarteak partekatu duen komunikatua. Halako hitzak irakurtzea zoragarria da.

"Mikel Alkaide eskoriatzarrak ordezkatuko nau; beraz, taldea esku honetan utzi dut"

Nork ordezkatuko zaitu?

Mikel Alkaide eskoriatzarra izango da entrenatzailea. Azken urtean, Narciso Pavorekin batera, bigarren entrenatzaile aritu da Laskorain taldean, eta bertan hartu duen ezagutza oso garrantzitsua izango da taldearentzat. Taldea esku onetan utzi dudala esango nuke.

Zer esango zenioke entrenatzaile berriari?

Gozatu dezala kategoria honetaz. Talde sendoa dela, mundu guztia laguntzeko prest egongo dela, seguru, eta, zalantza gabe, lan bikaina egingo duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak