Ekainaren 18an, Movimiento de mujeres por el Buen Vivir mugimenduko kideen solasaldia izango da, Zaldibar antzokian, 19:00etan. Edukiera mugatua denez, online parte hartzeko aukera ere egongo da, munduko edozein tokitatik, Zoom bidez konektatuz. Horretarako, Tinyurl.com/MujeresIndigenas helbidera sartu beharko da.
Bizitza hobe baten bidean
"36 naziotako emakumeek osatzen duten mugimenduko hiru ordezkari izango dira konferentzia eskaintzen. Bizitza hobea sortzeko asmoz, oinezko bidea hasi zuten, Hilketen, bortxaketen, ekosistemaren suntsitzearen, eta abarren aurrean, inpunitaterik ez! eta halako mezuak zabaltzen. 70 egun oinez eta 2.000 kilometro ibilita, 30 lurralde baino gehiagotan euren aldarrikapenak argi uzten ari dira. Euren borrokak herri guztien konpromisoa eskatzen du, eta hori izango dugu berbagai", adierazi dute EskoZap kolektiboko kideek.

Zapatisten biraren berri
Ekainaren 19an, berriz, Ongi etorri, zapatistak jaia egingo dute, Santa Marina plazan. 18:00etan hasita, haurrentzako piñatak egongo dira, tonbola solidarioa, takoak, eta Bira Zapatistaren gaineko mahai informatiboa ere jarriko dute. "Uda honetan, Euskal Herrira iritsiko dira zapatistak, eta biraren gaineko xehetasunak emango dizkiegu interesdunei".
Horrekin batera, ez da musikarik faltako; izan ere, Bixentak eta Screamers & Sinners taldeen kontzertuak izango dira.

Zuzenekorako gogoz Jai egunari erritmo bizia jarriko diote bi taldeek. Hala adierazi dute Screamers & Sinners taldekoek: "Zuzeneko kontzerturako gogo biziz gaude, eta Bixentak talderekin batera emanaldi dibertigarria eskaini nahiko genuke. Eskoriatzarrekin egun aparta pasatu eta, bide batez, tako goxoak jan".