Uztaileko oporraldian irteera ugari aukeran

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 9a, 16:16

Gaztekonkis lehiaketa egin zutenekoa, Udaeroren barruan

Nerabeei zuzendutako Udaero uztaileko oporraldiko aisialdi programaren barruan, zenbait irteera antolatu dituzte Eskoriatzako gaztelekukoek. Berrikuntzekin dator aurtengo edizioa, eta ekainaren 20ra arte dago aukera izena emateko.

DBH-1 eta DBH-4 arteko ikasleei (12-16 urte) zuzendutako ekintzek osatzen dute Eskoriatzako gaztelekuak antolatutako Udaero programa. Uztaileko oporraldirako ekintzaz betetako egitaraua antolatzen dute urtero, gaztelekura gerturatzen diren nerabeekin batera diseinatuta. Aurten, berrikuntzak ezarri dituzte; hala ere, sei irteera antolatu dituzte, nerabeekin batera adostuta.

Leire Lezeta, Dorleta Ezeiza eta Jon Errasti eskoriatzarrak arituko dira begirale lanetan, eta Udaero egitasmoan izena eman gura duten interesdunek ekainaren 20ra arte izango dute aukera horretarako. Aurten, gainera, nerabe bakoitzak nahi beste ekintzatan izen emateko aukera izango du; hau da, ekintza bakarrean, bitan edo denetan. Izena emateko, Eskoriatzako gaztelekura joan daiteke, edo 688 84 38 21 telefono zenbakira deitu.

Herriko nerabeak bakarrik

Egitasmo hau beste urte batzuetan Aretxabaletako gaztelekuarekin batera antolatu izan dute, baina aurten, COVID-19a dela-eta herri bakoitzak bere eskaintza antolatuko du, gehienez hogei plaza eskaini ahalko dituelako ekintza bakoitzeko. "Formatua aldatu egin dugu aurtengo edizioan. Hala ere, antolatutako egitaraua nerabeen gustukoa da, eta, gainera, nahi beste ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute. Eskaintzaren barruan, guztiak irteerak dira, eta horietako bakoitzean 20 laguneko muga jarrita, erantzun ona jasoko dugulakoan gaude". Horrekin batera, uztailean eguraldi ona aurreikusten duten arren, txarra egingo balu, badituzte beste aukera batzuk, ezarri dituztenak ordezkatu ahal izateko.

Irteera bereziak uztailerako

Uztailaren 6tik 23ra bitarteko egitarauari dagokionez, irteeren aldeko apustua egin dute, kirola nagusi izanda. Izan ere, Udaero programari hasiera emateko, lehenengo irteera Landara egingo dute, eta bertan paintball jolasa. Horrekin batera, uztailaren 8tik 9ra bitartean, mendi irteera egingo dute Alabitxara, eta han pasatuko dute gaua, gainera. Oñatira ere joango dira, bidegorritik, bizikletan, eta Usakon egingo dute egonaldia; han bainua hartzeko aukera izango dute. Eskoriatzatik Leintz Gatzagara bitartean dagoen Gatz Bidea egiteko ere aprobetxatuko dute beste egun batean, Zarautzen surfa egiten ikasteko saioa ere izango dute beste batean, eta, beste behin, Alabitxara oinez igo eta hantxe gaua pasatzeko aukera ere izango da.

Egitaraua

Uztailak 6 • Paintballa Landan.

Uztailak 8-9 • Alabitxara lotara.

Uztailak 12 • Bizikletan Usakora.

Uztailak 14 • Eskoriatza-Gatzaga mendi irteera: Gatz Bidea.

Uztailak 20 • Surf ikastaroa Zarautzen.

Uztailak 22-23 • Alabitxara lotara.

Paintballa edo surf ikastaroa egin nahi duenak 15 euro ordaindu beharko ditu. Gainontzeko ekintzetarako, bost euro ordaindu beharko dute, eta Gatz Bidea edo bizikletan Usakora joateko ez dute ezer ordaindu beharko nerabeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak