Bonu berriak, bereziki, ostalaritzari zuzenduta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 4a, 14:10

Nerea Arana, Ibarraundiko teknikaria, Eskoriatza bizirik kanpainako bonuekin.

Tokiko kontsumoa sustatzeko bonuen kanpaina berrikuntzekin hasi da. Batetik, hiru koloretako erosketa-bonuak atera dituzte, iazkoak modukoak, eta, horiekin batera, ostalaritzako sektorera bideratutakoak diren bonu berriak ere atera dituzte.

Eskoriatza bizirik ekimenaren baitan, 2020an bezala, aurten ere tokiko kontsumoa sustatzeko bonuak salgai jarriko ditu Eskoriatzako Udalak; tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako zerbitzuetako establezimenduetan COVID-19 pandemiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko. Eguaztenean, hasi ziren horiek saltzen, Ibarraundi museoan, eta interesa duena bertatik pasa daiteke horiek erostera.

Berrikuntza gisa, aurtengo kanpainak bi bonu mota izango ditu: batetik, osasun eta estetika zentroetan, merkataritzan eta ostalaritzan erabiltzeko bonuak –iazko bonuak bezalakoak–, eta, bestetik, horiekin batera, esklusiboki ostalaritzan erabiltzeko izango direnak.

Ostalaritzari zuzenduta

Iaz bezala, kanpainaren helburua da COVID-19 pandemiaren osasun-larrialdiak eragindako kalte ekonomikoak arintzea, herritarrentzako erosketa-bonuak sortuz, tokiko kontsumoa sustatzeko; baina aurtengo ekinaldian, ostalaritzaren sektorea bultzatu nahi da, bereziki, itxialdi luzeak egitera behartuta egon baita, eta, irekitzeko aukera izan duenean ere, ezarri dizkioten neurri murriztaileek ez diote zerbitzua ehuneko ehunean ematea ahalbideratu.

Bonuak erosteko baldintzak

Bonuak erosteko ezinbestekoa da interesdunek bi baldintza hauek betetzea: Eskoriatzan erroldatuta egotea eta adinez nagusia izatea. Baldintza horiek betetzen dituen herritar bakoitzak lau bonu erosi ahal izango ditu urtean zehar, ostalaritzako berezi bat eta beste bonu bana kanpainaren fase bakoitzeko. Guztira, hiru fase izango ditu egitasmoak.

Ekainean hasi den lehenengo fasean, Eskoriatzan erroldatutako eta adin nagusiko pertsona bakoitzak 15 euroko bonua erosi ahal izango du, eta kanpainarekin bat egin duen Eskoriatzako edozein saltokitan 30 euro gastatu. Kontsumoko bonu horrekin batera, beste 15 euroko bonu bat erosi ahal izango du, ostalaritzan soilik erabiltzeko, 30 euroko balioarekin. Beraz, ostalaritzan edozein motakoa erabili ahal izango da, baina ez gainerako establezimenduetan.

Eskoriatzako ostalaritza sektorean gastatzeko izango direnak bost euroko sei frakzio zatiezinetan banatuta egongo dira eta kontsumo orokorrerako bonuak, berriz, 5 eurotan, 10 eurotan eta 15 eurotan. Erosketa bakoitzean frakzio oso bat erabili beharko da, gutxienez.

Eguaztena ezkero salgai daude

Eguaztenean hasi ziren Ibarraundi museoan saltzen, eta ordutegi honen barruan erosi ahal izango dute interesdunek: astelehenetan eta egubakoitzetan, goizez, 11:00etatik 13:30era bitartean, eta arratsaldez, eguaztenetan, 17:00etatik 19:30era bitartean. Norbaitek txartelak erostera joateko arazoak baditu, hirugarren bati eskatu diezaioke bonua erosteko, bere nortasun agiri zenbakia emanda. Ordainketa kreditu-txartelarekin edo sakelako telefonoarekin egin beharko da. Beraz, bonua erosi ahal izateko, interesdunaren nortasun agiri zenbakia eta kreditu txartela beharko dira.

Bonuen epemugari dagokionez, lehenengo fasekoak, kolore morekoak izango direnak, abuztuaren 31ra arte erabili ahal izango dira eta ostalaritzakoak –kolore zurikoak–, abenduaren 31ra arte. Hala ere, Eskoriatza bizirik kanpaina berriaren bilakaeraren arabera, moldagarria izan daiteke. Edozein zalantza argitu nahi duenak deitu edo mezu bat bidali dezake ondorengo telefono zenbakira: 619 01 97 56.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak