Ferixarik ez egon arren, jolasak eta tailerra gaur

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 4a, 10:39

Haurrak Jose Arana guneko balkoian.

Eskoriatzako Ferixiek 25 urte beteko lituzke zapatuan, baina ez da azokarik ezta bestelakorik izango. Hala ere, datorren urtean edizio borobila ospatu nahi dute; beraz, ekintza xume batzuk egingo dituzte gaur, Ferixan egiten dituztenak gogorarazteko.

Zapatu honetan zen egitekoa 25. Eskoriatzako Ferixie, baina ez da ezer antolatu egunerako. Ez dute posturik jarriko, talogileak ere ez dira urtero moduan arituko hain estimatuak diren jakiak prestatzen, dantzak ikusteko ere itxaron egin beharko dute herritarrek, eta txapel jaurtiketa lehiaketarik ere ez da izango. Hala ere, urtero-urtero egiten direnak haurrei gogorarazteko, Arizmendi ikastolako Jose Arana gunekoek zenbait ekintza egingo dituzte gaur, egubakoitza.

"Egoera hobeagoan bageunde, aurten antolatuko genukeen edizioa borobila izango zen; hogeita bosgarren Ferixie, hain zuzen ere, baina ez da ezer antolatu zapaturako. Hala ere, gaur, hainbat ekintza egingo ditugu Jose Arana guneko haurrekin. Batetik, denon artean apaingarriak egingo ditugu ikastetxean. Txorimaloak ere egingo ditugu, etxetik ekarritako arropa zaharrekin eta bestelako elementuekin… Bestetik, gunean bertan, jolasak izango dira haur txikienentzat; eta nagusiek, berriz, ginkana egingo dute herriko zenbait txoko bisitatuz. Hala ere, eguraldi honekin, ginkana alde batera utzi, eta gunean geratuko gara tailerrak egiten, seguruenik", adierazi du Maider Nafarratek, Jose Arana guneko hezitzaileak.

Asteon, txorimaloa ere egin ditu haurrek.

Jolasak Jose Aranan

Burbuila taldeetan daude antolatuta Jose Aranako haurrak, eta talde horietan banatuta, ikastetxean geratuko dira, eta zenbait ekintza egingo dituzte bertan, musikaz girotuta. Kasu horretan ere, txistorra jateko aprobetxatuko dute txikienek.

Datorren urtean egiteko gogoz

"Aurten modu honetan egitea erabaki dugu. Hala ere, pandemiaren ondorioz, bi urteko geldiunearen ostean, herritarrekin batera ospatzeko gogoz antolatuko dugu datorren urtean izango den 25. edizioa", adierazi du Nafarratek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak