Kontrario makalaren aurrean ezin hutsik egin

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 21a, 16:08

Zuzenak taldeko Martin Perez jokalari eskoriatzarra Bilbo BSR taldeko jokalari batekin lehian

Ohorezko Mailako Gasteizko Zuzenak taldea kategoriari eusteko pauso batera dago. Bi jardunaldi falta dira, eta bihar Madrilen jokatuko dute, Getafe taldearen aurka; irabazi beharra dute. Hala, Martin Perez jokalari eskoriatzarra baikor dago.

Ohorezko Mailako Zuzenak aulki gurpilduneko saskibaloi taldeak lau denboraldi daramatza kategoria berean, eta bi jardunaldi geratzen dira bertan jarraituko duen erabakitzeko edo promozio partidua jokatu eta kategoriaz jaisteko arriskuaren aurrean jartzeko. Horretarako, zapatuan Getaferen aurka irabazi beharra dute, nahitaez.

Ezinbesteko garaipena

Joan den astean Las Rozas taldearen aurka funtsezko garaipena lortu zuten Zuzenak taldekoek. Horri esker, denboraldi honetarako ezarri zuten helburua, maila mantentzea, ia bete dute. Hala ere, asteburu honetan jokatuko dituzten denboraldiko azken bi jardunaldietan egindakoek erabakiko dute euren etorkizuna. Martin Perez Zuzenak taldeko kapitain eta jokalari eskoriatzarra baikor dago, eta denboraldi honi begirako helburua beteko dutela dio: "Irabazi beharreko partidua joan den astekoa izan zen, eta lortu genuen. Hala ere, zapatuan Getaferen aurka jokatuko dugu, Madrilen, 17:30ean, eta irabazi beharra dugu. Aurkariaren emaitzak ikusita, eginda dagoela eman dezake, baina ezin gera erlaxatu. Denboraldi honetan jokatutako 21 jardunaldietatik guztiak galdu ditu Getafek, eta, seguruenik, irabazi egingo dugu. Horren ostean, domekan, Ilunionen aurka arituko gara, 19:00etan; COVID-19agatik atzeratutako partidua da. Kasu horretan, aurkari horiek ez dute denboraldi oso ona egin, baina talde sendoa da, eta irabazteko aukera gutxi ditugu. Gauzak oker irtenez gero, kategoriaz jaitsiko ginateke, lehenengo mailara, baina horretarako, Getaferen aurkakoa eta promozioko partidua ere galdu beharko genuke", adierazi du Perezek.

Maskararekin jokatzearen alde

Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioak ez du derrigortzen maskararekin lehiatzea, baina Zuzenak taldeak hala jokatzea erabaki zuela adierazi du Perezek: "Gure taldean denok jokatzen dugu maskararekin, eta, gurekin batera, Getafek eta beste talderen batek. Gero, gainontzeko taldeetako jokalari batzuek euren erabakiz erabiltzen dute…".

Erronka berriak zehazteko gertu

Denboraldia asteburuan amaitutzat eman ostean, entrenamenduekin jarraituko dutelakoan dago Perez, eta datorren ikasturtera begirako helburuak zehazten hasiko direla gaineratu du eskoriatzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak