Irisgarritasuna hobetzeko hiru proiektu nagusi

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 14a, 08:03

Eskoriatzako Irisgarritasuna hobetzeko hiru proiektu nagusiak.

2021eko Irisgarritasun Planaren hedapena izan zuten berbagai martitzeneko ezohiko osoko bilkuran Eskoriatzako udalbatzako kideek. Hiru proiektu nagusi egitea aurreikusi dute, eta horiek gauzatzeko 217.103,04 euro bideratuko dituzte.

Eskoriatzako Udalak premiazko gabeziak antzeman ditu irisgarritasunaren arloan, eta horri erantzuteko hiru proiektu nagusi ezarri ditu; martitzeneko ezohiko osoko bilkuran hizpide izan zituzten. 2008ko Irisgarritasun Plana eta 2021eko plangintza handitzea jasotzen duen gai bakarra izan zuten berbagai. Hain zuzen ere, hiru proiektu nagusi finkatu dituzte: oinezkoentzako pasabide goratua Gaztañadui kalean; Hidalga eta Olazar kaleen artean, zehazki, Sorautz baserriaren inguruan, oinezkoentzako ibilbideak berrantolatzea; eta Intxartxueta plazan arrapala egitea.

Proposamena aurrera atera zen EAJren eta Eskoriatzako Elizateen Elkartearen baiezko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Pasabide goratua Gaztañaduin

Santa Ana auzotik Gorosarri plazarainoko zebra-bidean alde batetik bestera jende askok gurutzatzen du. Horregatik, Luis Ezeiza ikastetxea, Joseba Iñurrategi pilotalekua, gaztelekua, Kulunka haurtzaindegia eta Santa Ana auzoa bera Gorosarriko plazarekin lotzeko oinezkoentzako ibilbidea bat sortzea izango da Irisgarritasun Planean jasotzen den lehenengo proiektuaren asmoa. Lan horietarako 25.918,20 euro bideratuko dira, BEZa barne: pasabidea goratzeko, zoladura hobetzeko, trafiko seinaleentzako eta argiztapenerako.

Sorautz inguruko lanak

Hidalga eta Olazar kaleak elkartzen diren eremuan, zehazki, Sorautzeko bi eraikinetarako sarbidean, egingo dituzte Irisgarritasun Planaren handitzeak jasotzen dituen proiektuko bigarren lanak. Azken eremu honetan oinezkoen zein bizikleten joan-etorri handia izaten da, edukiontziak behar bezala antolatu gabe daude errepide eta bidegorri artean, espaloi estuak daude, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako igarobideak nahasten dira… Hala, lan horietarako aurrekontu proposamena 135.079,56 euro da, BEZa barne: galtzada altxatzea, zoladurak egokitzea, oinezkoentzako pasabidea jartzea, bidegorriaren ondoan espaloia sortzea, trafiko-seinaleak jartzea, argiztapena…

Intxaurtxuetan arrapala

Intxaurtxueta auzoak zenbait sarbide eta lotura ditu, baina plazatik goiko auzora simetria sortzea izango da hirugarren lanen proposamenaren xedea. Lotura horretan eskailerak daude batetik bestera pasatzeko orduan, baina eskailerak eta arrapalak diseinatu eta jarri gura dira, ibilbide irisgarriagoa izateko asmoz. Azken lan horietarako 56.105,28 euro bideratuko dira: arrapalak jartzeko, zoladurak egokitzeko hormigoizko hormetarako, indusketa eta eraispenetarako eta argiztapenerako.

Eusko Jaurlaritzari eskaera

Proiektu horiek gauzatzeko 217.103,04 euro bideratuko dira, eta 2021 eta 2022 bitartean egitea aurreikusten da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak irail aldera aterako dituen dirulaguntzak direla-eta eskaera egingo dute, horiek jasotzeko asmoz. Dena den, jendaurrean jarriko da Irisgarritasun Plana, eta, hain zuzen ere, ekarpenak egiteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak