LGTB Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an izanda, Zinegoak 2021 film luzeen programazio ofizialeko Valentina pelikula proiektatuko da Zaldibar antzokian egubakoitzean, 18:30ean. Pelikula amaitu ondoren, berriz, solasaldia izango da Joseba Gabilondo Markes eskoriatzarrarekin, Hiruki Larrosa Kolektiboko kidearekin.

'Valentina': Brasilgo zinematografia
Valentina, 17 urteko gazte bat, landagunera joan da bizitzera, Márcia amarekin, berriz hasieratik hasteko asmoz. Eskola berrian besteek zapaldu ez dezaten, Valentinak bere izen soziala erabiliko du, bere trans-izaera sekretupean gordeta. Hala eta guztiz ere, Valentinari eta haren amari arazo bat sortuko zaie institutuan gurasoen bigarren sinadura eskatzen dietenean. Zentsuraren, zailtasunen eta Jair Bolsonaroren interes faltaren gainetik, Brasilgo zinematografia apustu dotore eta arriskatuenetako bat da nazioarteko panoraman, energiaz gainezka dagoen heinean. Eta Valentina dugu horren adibide. Ikaragarria, hitz batean esateko.
Film labur sorta
Horrekin batera, hilaren 21ean, Zinegoak-eko film labur sorta bat eskainiko da Zaldibar antzokian, 18:30ean. Guztira, sei ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da, eta, sarrera doakoa izango den arren, edukiera neurriak direla-eta gonbidapena jasotzea ezinbestekoa izango da. Horretarako, 943 71 46 88 –kultura etxea– telefono zenbakira deitu edo 650 49 51 66 zenbakira whatsapp mezua bidali beharko dute antzokira gerturatu nahi duten herritarrek.
Film labur hauek proiektatuko dira: Leo y Alex en pleno siglo XXI, Mall, Karaokea, La Amante, Red Bay eta Hemen. Gaur. Berriz.