Goizeko ordutegiarekin eta burbuilatan banatuta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 7a, 18:12
Haurrak jolasean Eskoriatzako udaleku irekietan, iaz.

COVID-19aren pandemia dela-eta Eskoriatzako udaleku irekietako funtzionamenduak hainbat aldaketa izango ditu: burbuila taldeetan arituko dira eta ez dute haur guztiak batuko diren ekintzarik izango; uztailaren 5etik 23ra bitartean izango dira.

3 eta 12 urte arteko haurrentzako Eskoriatzako udalekuak uztailaren 5etik 23ra bitartean izango dira, eta aurtengo berrikuntza nagusia da talde txikietan arituko direla. Hala, izen-ematea zabalik da, eta interesatuek maiatzaren 13ra arte izango dute aukera, dokumentazioa betez, udalekuetan izena emateko.

Haurrak talde txikietan egongo dira banatuta: burbuila taldeetan, hain zuzen. Talde bakoitzak hasteko eta amaitzeko leku bat izango du, eta ez dute udalekuetako haur guztiak batuko dituen ekintzarik antolatuko –San Fermin, azken jaia, eta abar–, baina ekintza dinamiko asko antolatuko dituzte talde bakoitzak egiteko. "Izen-ematea ireki dugu, baina dekretuaren zain gaude. Orduan zehaztuko dugu zenbat haurretako taldeak ezarri. Horrekin batera, protokoloa ere diseinatuko dugu, COVID-19 kasuren bat balego egoerari nola erantzun jakiteko. Arautegia ondo diseinatzeaz batera, aire librean egingo ditugu ekintza guztiak…", adierazi du Maider Etxanizek, Eskoriatzako Gazteria teknikariak.

Goizez bakarrik arituko dira

2009 eta 2017 urte bitartean jaiotako haurren taldeek funtzionamendu erabat autonomoa izango dute, eta, horretaz gain, ordutegia ere aldatuko da; hain zuzen ere, goizez soilik eskainiko dira udalekuak. Iaz, hiru orduko udalekuak antolatu zituzten, baina lau ordukoak egitea erabaki dute, 10:00etan hasi barik 09:00etan hasiz; hala, kontziliazio arazoei erantzuteko. Hori horrela, 09:00etan hasi eta 13:00ak arte bitartean, ondo pasatzeaz gain, naturaz gozatu, jolas egin, inguruko bazterrak ezagutu, lagunekin egon eta lagun berriak egiteko aukera izango dute, aisialdi programa osatu bati jarraituz.

Dokumentazioa bete beharra

Izena emateko dokumentazio bat beharko da –hemen esteka–. Bertan, formulario bat bete behar da, eta ordainketa-agiria bidali txirikila@gmail.com helbidera. Ordainagirian haurraren izen eta abizenak eta jaiotza-urtea jarri behar dira, eta, haur bat baino gehiago apuntatuz gero, haur bakoitzeko izen-emate formulario bat eta ordainketa-ordainagiri bat bidali beharko da. Honako hauek dira prezioak: haur batengatik 70 euro ordaindu beharko dira, bi haurrengatik 135 euro eta hiru haurrengatik, berriz, 204 euro. Edozein zalantza izanez gero, Tortolis ludotekara joan daiteke, edo 688 60 13 74 telefono zenbakira deitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak