Leire Rato, combat samboko Espainiako txapeldun

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 6a, 11:32
Leire Rato, urrezko dominarekin.

Atama Eskoriatzako Leire Rato borrokalaria Espainiako txapeldun da, combat sambo modalitatean, bigarren urtez jarraian. Atsedenik hartu barik, asteburuan Guadalajaran izango den kluben artekoan arituko da, hiru modalitatetan lehiatzen.

Joan den domekan, combat sambo modalitatean Espainiako Txapelketa jokatu zen San Agustin del Guadalix (Madril) herrian. Bertan, promes mailakoak eta senior mailakoak lehiatu ziren, eta azken kategoria horretan, Leire Rato, Atama Eskoriatza taldeko borrokalaria izan zen garaile. Titulu hori irabazten duen bigarren aldia da, eta ilusioz jaso du urrezko domina Eskoriatzako borrokalariak.

Atseden barik, aurrera begira

Borrokalarien maila handia izan arren, etxeko lanak ondo eginda joan zela txapelketara argi utzi zuen Ratok lortutako garaipenarekin. "Modalitate honetan lehiatzen naizen bigarren aldia da, eta bietan lortu dut urrea. Beraz, sari itzela da niretzat. Hala ere, erronka gehiago ditut denboraldi honetarako; beraz, atsedenik hartu barik, datozenak prestatzea tokatzen da orain.

Kluben artekoa asteburuan

Combat sambo modalitatean Espainiako Txapelketan urrea lortu arren, ez du atsedenik hartuko; izan ere, asteburu honetan Guadalajarako Alovera herrian jokatuko den Kluben Arteko Kenpo Txapelketan izango da, eta berarekin batera Atama Eskoriatza taldeko beste hamar borrokalari izango dira: guztira, sei gizonezko eta bost emakumezko. Horien borrokak RFE Karate Youtube kanaletik zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Modalitate berriak probatzera

Asteburu honetan hiru modalitatetan lehiatzeko aurkeztu da Rato: semikenpo, full kenpo eta sumisio delakoetan. Bitan esperientzia du Ratok; izan ere, semikenpo eta full kenpo modalitateetan urrezko domina lortutakoa da; sumisio modalitatean, berriz, lehenengo aldiz lehiatuko da. Asteburu honetan ahalik eta lan onena egiten saiatuko dela adierazi du, eta ekainaren amaieran izango den Espainiako MMA Txapelketara joateko asmoa ere agertu du; modalitate horretan ere lehen aldiz jardungo luke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak