Hiru gimnastak lortu dute Espainiakorako txartela

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 30a, 10:02
Haizeder eta Nahia Arguiz ahizpak eta Maialen Apraiz gimnastak.

Nahia eta Haizeder Arguiz ahizpek eta Maialen Apraizek Espainiakorako txartela lortu zuten Durangon jokatutako Euskadiko Gimnasia Txapelketan. Arguiz ahizpek urrea lortu zuten eta Apraiz bederatzigarren postuan sailkatu zen bere kategorian.

Joan den domekan, Euskadiko Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu zen Durangon. Erabakigarria izan zen Espainiako Txapelketarako sailkatzeko, eta Eskoriatzako ordezkaritzak sekulako emaitzak lortu zituen.

Haizeder eta Nahia Arguiz ahizpek urrezko domina lortu zuten, nork bere kategorian, eta Maialen Apraiz, berriz, bederatzigarren postuan sailkatu zen. Hala ere, hirurek lortu dute denboraldi honetako helburua, eta hirurak izango dira Espainiako Txapelketan.

MAIATZAREN 31TIK EKAINAREN 6RA EGINGO DA ESPAINIAKO TXAPELKETA

Eskoriatzarrak izan arren, Eibarko Ipurua taldean ari dira hiru gimnasta horiek. Elkarrekin entrenatzeaz batera, elkarrengandik ikasteko tartea ere hartzen dute, eta, diziplinari eutsiz, hazten ari dira gimnasia erritmikoan.

Mazoekin ariketa bikaina

Haizeder Arguiz maila indibidualean lehiatu zen Durangon jokatutako Euskadiko Txapelketan, eta mazoekin egindako ariketarekin urrezko domina eskuratu zuen, 13.167 puntu lortuta. Hala, Euskadiko txapeldun da, kadete mailan, eta maiatzaren 31tik ekainaren 6ra egingo den Espainiako Txapelketarako sailkatu zen, oraindik egoitza zehazteke duena. "Joan den domekako saioan, hogei lagunetatik hamar sailkatzen ziren Espainiako Txapelketarako, eta, ariketan egin beharreko guztiak ondo eginda, lehenengo postuarekin oso pozik nago. Orain, Espainiako Txapelketa prestatzea tokatzen da, eta dena ematea izango da nire helburua. Hori horrela, joan den asteburuan egin nuen ariketa astean lau aldiz, behintzat, egin beharko dut perfekzioa lortzeko".

Haizeder Arguiz podiumean, Euskadiko txapelketan urrezko domina irabazita.

Urrezko domina taldean

Nahia Arguiz, Haizederren ahizpa nagusia, berriz, taldekako kategorian lehiatu zen Euskadiko Txapelketan. June, Arrate, Sara eta Indira taldekideekin batera hamar mazorekin egindako ariketarekin urrezko domina lortuta, aurtengo helburua bete dutela adierazi du: "Urduri geunden gimnasta guztiok, Espainiako Txapelketarako sailkatzea helburu genuelako. Hala, hori lortuta, pozik gaude. Orain, aurrera begirakoak prestatzen jarraitzea da asmoa. Hala ere, esan beharra dago txapelketa berezia izan dela. Izan ere, urtebete da ez genuela halako lehiaketa bat izaten, publiko gabe izan zen; sentsazio bereziarekin egin genuen ariketa".

Errutinaren beharra

Aste barruan entrenamenduak izateak eta asteburua iristean lehiaketarik ez izateak psikologikoki eragin handia izan duela gimnastengan azpimarratu du Nahia Arguizek: "Ohituta gaude astean entrenamendua izan eta asteburuan lehiaketa izatera. Hala ere, ematen du normalitatera bueltatzen hasi garela, eta errutinara bueltatzea positiboa izango da".

Nahia Arguiz aste honetan hasi da bakarkako denboraldiarekin. Uztaiarekin arituko da urte osoan, eta, etorkizunera begira jartzen ez den arren, gimnasia erritmikoa egiten jarraitzeko gogoz dagoela dio: "Gimnasia erritmikoak gauza asko ematen ditu. Diziplina handia behar duzu, eta antolatzen eta denbora ondo aprobetxatzen irakatsi dit. Txikitatik hasten den kirol bat da, eta jende askok goiz uzten duen arren, urte gehiagoz egon zaitezke lehiatzen. Ikusiko dugu…".

Apraiz, justu-justuan sailkatua

Maialen Apraiz ere Espainiako Txapelketarako sailkatu da, mazoekin egindako ariketarekin. Hobeto egitea aurreikusten zuen arren, helburua bete duela dio: "Bederatzigarren postuan sailkatu nintzen, eta txartela lortzearekin pozik nago. Edozelan ere, hobeto egitea espero nuen… Mazoekin aritu nintzen, baina nik nahiago dut pilotarekin diren ariketak egin. Kadeteoi mazoarekin tokatu zitzaigun; izan ere, urtero egokitzen digute objektu bat, eta, hala, kadeteoi mazoak jarri zizkiguten. Helburua beteta, baina, datozen erronkei aurre egitea geratzen zaigu orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak