Udaleku artistikoak musika eskolaren eskutik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 30a, 09:55
Oihane Vicente eta Cristina Cubillo irakasleak udaleku artistikoen kartelarekin.

Beheko Errota Musika Eskolak uztailaren 5etik 23ra bitartean udaleku artistikoak antolatu ditu 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Musikari eta dantzari garrantzi berezia emanda, askotariko diziplinak praktikan jartzeko aukera izango da.

Eskoriatzako Beheko Errota Musika Eskolak udaleku artistikoak antolatu ditu, herriko haurrentzat. Uztailaren 5etik 23ra bitartean gauzatuko dira, eta asmoa musikarekin eta dantzarekin disfrutatzea izango da, horiek jolasen bidez praktikan jarriz. Hiru asteko iraupena izango dute Beheko Errotako udaleku artistikoek, eta parte hartzen duten 4 eta 8 urte bitarteko haurrek musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk modu dibertigarrian ezagutzeko aukera izango dute. Hori horrela, izena emateko ez dela beharrezkoa izango musika eskolako ikaslea izatea edo musika eta dantza jakitea adierazi dute antolatzaileek.

Udaleku artistikoak astelehenetik egubakoitza bitartean burutuko dira, 09:00etatik 13:00era bitartean, eta bi taldek parte hartuko dute, talde batean haur txikienak egongo dira eta bestean helduenak. Hala, guztira, 24 umez osatutako udalekuak izango dira.

Maskara eta garbitasuna

Aurtengo osasun egoeraren araberako neurriak hartuko dituztela adierazi dute musika eskolatik. "Hain zuzen ere, gelak aireztatuz, maskara erabili behar dutenek erabiliz eta garbitasun neurriak mantenduz. Gainera, saiatuko gara ahalik eta ekintza gehienak kanpoan egiten, eguraldiak laguntzen badu".

Udaleku artistikoetako irakasleak Cristina Cubillo eta Oihane Vicente izango dira, biak musika eskolako irakasleak. Cubillo hizkuntza musikaleko, musika tailerreko eta ahots teknikako irakaslea da eta Vicente, berriz, dantzako irakaslea. Gainera, irakasle gonbidatuak ere izango dituztela aurreratu nahi izan dute.

Musikaren bitartez erritmoa lantzea izango da udaleku artistikoen helburuetako bat. Horrekin batera, dantzari ere garrantzia emango zaio, eta beste diziplina artistiko batzuk praktikan jartzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, antzerkia, zirkua, eskulanak, margoak…

Izen-ematea eta informazioa

Beheko Errota Musika Eskolako udaleku artistikoetan parte hartu gura dutenek, eta, bide batez, informazio gehiago eskatu edo zalantzak argitu, behekoerrotaudalekuak@gmail.com helbide elektronikora idatzi, 943 71 49 95 telefono zenbakira deitu edo musika eskolara bertara joanda egin dezakete. Haurrei zuzendutako udaleku horien prezioa 150 eurokoa dela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak