Jon Isazelaia gazte eskoriatzarrak Lo que no se esconde nobela argitaratu berri du asteon. Konfinamendu garaian idatzitako liburua da, eta, zapatuan egingo du bere lanaren aurkezpena Arrasaten, Kajoi tabernan, 13:00etan.
Iazko apirilean hasi zen liburua idazten, eta argitaratu berri, ilusionatuta dago, jaso dituen zorion mezuekin. Hala, liburu bat idaztea nola okurritu zitzaion adierazi gura izan du: "Iaz, Madrilera bizitzera joan, eta hiru astera pandemiagatik etxera bueltatu behar izan nintzen. Hala, lan barik, denbora librea izanda, kontatzea gustatuko zitzaidan istorio bat idazten hasi nintzen. Pixkanaka garatzen hasi, eta forma hartzen hasi zen, eta motibatu egin nintzen. Hala, liburua amaitzeko erronka jarri nion nire buruari, eta gaur arte. Orain, irakurtzen dutenen erreakzioak ikustea geratzen da. Ea gustuko duten…".
Artistikoki ez du sekula ezer idatzi Isazelaiak, baina, bidearekin gozatu egin duela eta egiten ikasi egin duela nabarmendu du: "Orain, idatzitakoa aztertzerakoan, idatzi ahala, hobetzen joaten dela nire idazteko modua konturatu naiz…".
Editorialaren ezustekoa
232 orri dituen liburua irailean amaituta, editorial ezberdinetara eta lehiaketetara bidali zuen. "Modu honetan zerbait lortzea zaila da, eta leku askotara bidali arren, ez nuen inongo erantzunik jaso. Hala, hilabetera nire lanaren bidalketa berrartu, eta, gaur egun nire editoriala den Libros indie-tik deitu zidaten. Liburua nola promozionatuko nukeen idatzi bat bidaltzeko eskatu, eta argitaratuko zidatela esan zidaten. Kasualitatez izan zen, ez nuen espero".
Intrigaz betetako istorioa
Beni da Lo que no se esconde liburuko istorioko protagonista, eta akusazio gogor bat egiten diote. Bere unibertsitateko lagunak hil ondoren bera da susmagarri nagusia, eta lehenbailehen gogoratu behar da zer gertatu zen zehazki udako oporretan, bizitza osoa gatibu egon nahi ez badu. Etsipenaren erdian, Susana Luengo psikoterapeutarengana joatera behartuta sentitzen da, eta bere hipnosi terapiaren bidez, oroitzapenak berpizten hasiko zaizkio.