Euskadiko txapelketara anbizioz joateko gertu

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 23a, 19:00

Nahia Arguiz gimnasta eskoriatzarra Espainiako Txapelketan.

Nahia eta Haizeder Arguiz eta Maialen Apraiz eskoriatzarrek Euskadiko Gimnasia Erritmiko Txapelketa jokatuko dute domekan, nork bere kategorian. Helburua Espainiako Txapelketarako sailkatzea izanda, gogoz arituko dira.

Eibarko Ipurua taldeko Nahia Arguiz, Haizeder Arguiz eta Maialen Apraiz Eskoriatzako gimnastek denboraldi berriari ekingo diote asteburu honetan. Domekan jokatuko da, Durangoko Landako kiroldegian, Euskadiko Gimnasia Erritmikoko Oinarrizko Txapelketa –publikorik gabe–, eta Espainiako txapelketarako eta Espainiako Koparako sailkatzeko puntuagarria izango da, talde federatuentzat.

Maialen Apraiz eta Haizeder Arguiz banakako mailan arituko dira denboraldi honetan, kadete mailan, eta Durangoko txapelketan mazoekin ariketa bat egin beharko dute. Biek izango dute Espainiako Txapelketarako txartela jokoan, eta EAEko hamar gimnasta izango dira, guztira, txartela lortuko dutenak. Hori horrela, Haizederren txanda 12:42an izango da eta Maialenena, berriz, 13:15ean.

Geldi egon ostean, lan ona

Joan den martxoan Valentziako Colonial zentroan jokatu zen Espainiako Txapelketa, eta taldekakoan Haizeder eta Maialen, biak aritu ziren, bi hilabetez entrenatu gabe egon ostean. Eskoriatzarrak eta taldekideak urduritasunez aritu ziren, baina indartsu eta gogo biziz bueltatu dira, erronka berriei aurre egiteko gogoz.

Espainiako Kopa helburu

Nahia Arguiz gimnasta ere Euskadiko Txapelketan lehiatuko da domekan, June, Arrate, Sara eta Indira taldekideekin batera, senior maila absolutuan, eta hamar mazoko ariketa egingo dute, 14:16an. Taldekako ariketarekin Espainiako Koparako txartela izango dute jokoan.

Nahia Espainiako Txapelketan aritu zen martxoaren 5ean, eta bertan, bost pilotako ariketa egin zuen taldekideekin batera. Tapizaren gainean lan ona egin zuten: lehen pasean akats txikiren batekin eta bigarrenean perfekzioa urratuz. Gimnasten entrenatzaileak pozik agertu ziren egindako lanarekin, eta asteburuan ere helburu berarekin joango dira Durangora.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 9an izango dute Eskoriatzako gimnastek. VII. Macarena txapelketa jokatuko dute, eta saioa online ikusteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak