Yoga irakasle Lidia Garciaren izaera ahaztezina gogoan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 23a, 10:14
Lidia Garcia, 2019ko Aresko martxaren ostean, Fernando Eskoriatza plazan jasotako omenaldian

30 urtez yoga irakasle aritutako Lidia Garcia eskoriatzarra 54 urterekin hil zen, minbiziak jota. Irakasleek eta ikasleek gogoan dituzte haren irakaspenak, haren bizitzeko modua eta besteei laguntzeko zuen prestutasun izugarria.

Lidia Garcia Nirmala apirilaren 11n hil zen, minbiziak jota, 54 urte zituela. 30 urtez yoga irakasle aritu zen Arrasaten, Legution eta Eskoriatzan, eta, bide horretan, debagoiendar asko haren eskoletan inspiratu ziren, behar zuten edozertan lagundu zituen, eta guztiak maitasun handiz hartu.

12 urterekin yogaren munduan sartu zen, eta ordutik aurrera lotura estua izan zuen bizitzeko modu horrekiko. Sivananda yoga estiloa egiten zuen, eta, yogatik haratago, arnasketaren garrantzia, elikadurena… azpimarratzen zuen, baita meditazioa eskaini ere. 2008an, bere ametsa bete zuen, Dharma Yoga Zentroa irekitzea Eskoriatzan. 2019an, Aresko martxan omenaldi hunkigarria egin zioten herritarrek, eta ikasleek pasilloa eskaini zioten, yoga posizioekin osatutako koreografia batekin, Fernando Eskoriatza plazan. Gorosarri plazan, bere 25. urteurrena ospatzeko, yogako ate irekiak egin zituen eta ekitaldi ederra antolatu zuen.

Erretiroa, Arantzazun

Yoga irakasle gisa bere 25. urteurrena 2014an ospatu zuen, Arantzazuko santutegian egindako yoga erretiroarekin. Yoga ikasle eta irakasle askok parte hartu zuten bertan, eta, izan zuen arrakastagatik, urtero erretiro hori egitea erabaki zuten.

Arantzazuko yoga erretiroan batutako zenbait lagun talde argazkian.

Tarragonan egindako erretiroan

Lidia Garcia yoga erretiro guztietara joaten zela diote bere gertukoek; guztiak sivananda yoga estilokoak ziren. Argazkikoa Tarragonan aterata dago; Torrelles de Foix herrira joan ziren Silvia laguna, Lidia Garcia eta bere gizona, yoga erretirora.

Askoren bizitzako gidari

Harekin topo egin zuten guztiek dute gogoan Garcia, yogaren alde egin zuen lan handiagatik, eta hura ezagutzeko ohorea izan zutenengan arrasto ezabaezina utzi zuela dio Maitena Aranak: "Lidiak 30 urte egin zituen yoga eskolak ematen zenbait lekutan, eta bertatik ikasle askorengana heldu da bere irakaspena; bere bitartez irakasle egin garenak ere hainbat gara… Bere presentzia isila, bere energia maitagarri eta magnetikoak bere ondoan ikasten aritzeko gogoa eman zidan niri, eta beste askorengan eragin bera izan du. Diabetesa ia sendatu, eta bizitzari zentzua eta balioa ematen lagundu dit. Berak zioen moduan, yoga guztiontzat eta guztiarentzat da", adierazi du Bergarako Ananda Hatha yoga eskolako irakasle Maitena Aranak.

Balio handiko irakaspenak

Silvia Maria.

"Lidiak nire TFM egiten pila bat lagundu zidan, eta berari eskaini nion. Ikastoletan aritu nintzen yoga ikasleekin praktikan jartzen, Arizmendin, eta berak ere asko lagundu zidan umeei yoga nola egin irakasten".

Consuelo Rubio 'Txeli'.

"Lidiarekin yoga egiten hastean aldatu zen nire bizitza. Ezinbestekoa zen bere saioetara joatea; nekatu arren, energiaz betetzen nintzelako. Nire oroitzapenean geratuko da entzuteko zuen gaitasuna eta bere irribarre ahaztezina".

Vernon Padayachee.

"Debagoienean oso maitatua izan den pertsona bat izan da. Inpaktu handia sorrarazi zien pertsona askori, yogatik haratago. Besteen arazoak guztiaren aurretik zeuden berarentzat; hori zen bere bizitzaren misioa".

Eneida Padilla.

"Lidia duela 18 urte ezagutu nuen nik, osasun arazo batengatik. Nire bizitzako argia izan da, erreferente bat, eta hari esker naiz gaur egun yoga irakasle. Haren laguntzagatik beste pertsona bat naiz ordutik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak