Idoia Asurmendiren saio akustikoa izango da zapatuan, Zaldibarren

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 21a, 12:15

Idoia Asurmendi musikari aramaioarra kontzertu batean.

Asteburuko kultura agendaren egitarauan barruan, Idoia Asurmendik emanaldia egingo du zapatuan Zaldibar antzokian. Horrekin batera, egubakoitzean, Asisko Urmenetaren hitzaldia izango da, zapatuan Jakoba Errekondorena eta domekan Meri, Mari eta Lari ikuskizuna izango da, oholtza gainean, Yogurinha Borova izango duelarik.

Idoia Asurmendi aramaioarrari musikarekiko zaletasuna familia girotik datorkio eta txikitatik hasi zen etxeko musika instrumentuekin esperimentatzen. Aisialdia ere horretan eman du urte luzez, hainbat abesbatzatan kantatuz eta piano ikasketak burutuz. Gitarrarekin ere ondo moldatzen da, eta horixe demostratzera etorriko da Zaldibar antzokira, zapatuan, Joanes Ederra kontrabaxuarekin oholtza gainean bidelagun izango duela. Emanaldi akustikoa izango da eskainiko dutena, eta sarrerak bost eurotan erosi daitezke, aldez aurretik, Manuel Muñoz kiroldegian.

Asurmendi duela urte batzuk inguruko herrietan kontzertuak ematen hasi zen, bakarlari. Hasieran, euskal abestien zein kanpoko pop-rock eta soul estiloetako abestien bertsioak egiten zituen, baina orain, kantuak konposatzen ditu, eta, hainbat kasutan, poesia egiten duen Maria Osesen lanak berearekin uztartzen ditu.

Asteburu honetan izango den kultura ekitaldien kartelak.

Inkisizioaren segadak hizpide

Idoia Asurmendiren emanaldi akustikoarekin batera, ekitaldi ugari eta askotarikoak izango dira Eskoriatzan, asteburuko kultura agendaren barruan. Egubakoitzean, esaterako, Asisko Urmeneta marrazkilari eta komiki gidoilaria izango da Zaldibar antzokian, Sorgin ehiza Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan hitzaldia egiten, 19:00etan. Urmenetak idatzitako Sugarren mende komiki-liburuan jasotakoak kontatuko dizkie bertaratzen direnei, besteak beste, eta liburua salgai izango du bertan.

'Loratu' azoka Ibarraundin

Zapatuan, berriz, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa izango da Etxeko loreak liburuaren aurkezpena egiten, eta galderak eta zalantzak argitzen, 11:00etan, Ibarraundi museoan. Horrekin batera, Loratu, izenpean, lore eta landare azoka txikia egingo da museo kanpoaldean, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Bertan, etxeko loreak eta landareak izango dira: geranioak, liliak, begoniak... Baratzeko haziak eta landareak: piperrak, tomateak, letxugak, kipulak… Lurra, tresnak, ongarriak, eta abar. Gainera, Eskoriatzako Anduaga Pentsuakekoek eta Usurbilgo Urtineak Loreek jarriko dituzten postuak.

Yogurina Borovaren ikuskizuna

Domekan, aldiz, Eidabe antzerki taldeko Maria Urcelay eta Yogurinha Borova Meri Mari eta Lari ikuskizunarekin izango dira, arratsaldeko bostetan, Zaldibar antzokian. Sarrerak hiru eurotan erosi daitezke aldez aurretik, kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak