Madrilen bizi da Adrian Beloki eskoriatzarra. Hara Kazetaritza ikasketak egitera joan ostean, zenbait lan egin ditu; gehienak, kirolaren bueltan. Gainera, Twitterren oso aktiboa da, eta ate berriak irekitzeko aukerak eskaini dizkio horrek, beste hainbat proiektu ere egin izanarekin batera. Realaren eta Athleticen Errege Kopako finaletik, gainera, sekulako oroigarria ekarri diote bere lagun Gorka Otxoak eta Diego Compoyk, eta ilusioz ari da komunikatzen eta Reala animatzen.
Madrilera ikastera joan, eta urte dezente pasa dira. Ordutik, lanbide honen baitan kontu asko eta lan dezente egin duzu. Baita sare sozialetan oso aktibo ibili, ezta?
2010ean etorri nintzen Madrilera Kazetaritza ikastera. Kirolari dagokionez, berriz, oso futbolzalea naizenez, Twitterren ere oso aktibo aritu naiz betidanik, Realaren inguruan idazten. Ikasketak amaitu, eta Marca Plus aldizkarian hasi nintzen idazten, eta hura izan zen kirol kazetaritzarekin izan nuen lehenengo kontaktu profesionala. Gero, La Grada aldizkarian aritu nintzen, eta, bertan ari nintzela, A la sombra de Darko podcasta atera nuen.
'La sombra de Darko' podcasta zer da? Zer egiten duzue, zehazki?
Diego Campoy Youtuben ezaguna den Madrilgo lagunarekin jarri nuen proiektua martxan. Bertan, futbolaz eta Realaz hitz egiten dugu, bereziki; betiere, umore puntu bat emanez. Podcasta martxa hartzen ari zela, eta audientzia onak izaten hasi ginenean, Gorka Otxoa aktoreak idatzi zigun entzulea zela… eta, berarekin harremanetan jarri ostean, geroztik La sombra de Darko podcasteko kide bat gehiago da.
Solasaldi umoretsuak egiten dituzue, baina ez soilik zuen artean.
Mikel Gonzalez, Jon Bautista, eta abarrekin egin ditugu solasaldiak. Betiko komunikabideetara jo beharrean, gu bezalako podcastetan, amateurragoak direnekin erosoago aritzen dira futbol jokalariak; hori uste dut, behintzat.
Zaletasuna lanbide bihurtzeko moduan bai?
Peldaño izeneko enpresan ari naiz lanean orain, eduki estrategikoen zuzendari. Lanak ez dauka kirol kazetaritzarekin loturarik, baina iaz, Radio Marca Donostiako zuzendari Jon Cuevak deitu zigun, eguenetan sekzio bat egiteko, eta hor ere ari gara. Hori bai, lanetik kanpo, denbora librean. La sombra de Darko podcastean ere berdin ari gara. Izan ditugu aukerak monetizazioak bilatzeko, baina erabaki genuen ez sartzea hor. Gustura egiten duguna ez dugu betebehar bat izatea nahi.
Kopako sarea ekarri dizute. Nola izan da hori?
Gorka Otxoa eta Diego Compoy partiduan izan ziren, eta jaso dudan oroigarriak sekulako ilusioa egin zidan, izugarria. Ez nuen espero. Orain, marko urdin realzale bat bilatzen ari naiz sarea ondo gordeta izateko.