Teilatuko filtrazio arazoa konpontzea erabaki dute

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 26a, 10:03

Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako eraikina.

Luis Ezeiza Herri Eskolako teilatuak isolamendu arazoak ditu, eta euria egiten duenean ur filtrazioak izaten dira goiko solairuan. Hori horrela, osoko bilkuran hizpide izan zuten lan horien gaineko prozedura egiteko modua, besteak beste.

Martxoko ohiko bilkura telematikoa izan zuten, martitzenean, udalbatzako kideek. Zenbait tramite izan zituzten hizpide, eta horietako baten kreditu aldaketa bat onartzerakoan, prozesua izan zuten berbagai. Hain zuzen ere, Luis Ezeiza Herri Eskolan egin beharreko obraren harira.

Luis Ezeiza Herri Eskolako teilatuak isolamendu arazoak ditu, eta euria egiten duenean ur filtrazioak izaten dira goiko solairuan. Hori horrela, obra egitearen alde agertu ziren udalbatzako kide guztiak, eta, kreditu aldaketa aho batez onartu arren, EH Bilduko kideek bi zehaztapen egin gura izan zituzten, nahiz eta lanak egitearekin ados egon.

Oposizioaren bi zehaztasun

Nestor Arana Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen lan horien prozesuarekin arduratuta daudela, eta bi ekarpen egin gura izan zituen: "Iaz hasi zen lan horien lizitazioa, abuztuan, eta, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza eman arren, ez zen exekutatu, eta aurtengo aurrekontuetan ez dago sartuta. Jasoko dugu laguntza? Horrekin batera, bi ekarpen egin nahiko nituzke lizitaziora begira: batetik, parekidetasun irizpidea izatea. Enpresei eskatu egin beharko genieke berdintasun plana. Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, pasa berri da, eta, ikastetxe batentzako lana izanda, Eskoriatzako Udala eredu izan beharko litzakeela uste dugu. Honekin batera, egin beharreko lanak material birziklagarriekin egitea ere eskatzen dugu. Esan moduan, gure baietza ematen dugu, baina ikastetxe honek beste hainbat behar ere baditu, eta aurrera begira etor daitezkeenen aurrean ondo antolatu behar dugu".

Legeak esaten duena jarraituz

Horren ildora, Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak adierazi zuen prozedura legeak esaten duena jarraituz egin dela: "Aurrekontuetan ez egon arren, beste hainbat proiekturekin moduan gertatzen da hemen. Ezarri barik egon arren, aurrekontuetan sartzen dugu. Berdintasun planari eta jasangarritasunari erreparatuz, berriz, pleguetan esaten dena kontratistek bete egin behar dute, legeak dioena jarraituz". Horrekin batera, ikastetxeak zaindu beharra dagoela azpimarratu zuen: "Herrian bi ikastetxe ditugu, eta biak zaindu behar ditugu. Lan hau presazkoa zen, gainera…".

Eskolako lanak opor garaian egitea aurreikusten dute, uztaila eta abuztua bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak